BILBO 19 Sep. (EUROPA PRESS) -
Txakur Gorria Sormen Kolektiboak 'Orainmenean' izenburuko ikuskizuna estreinatuko du Euskararen Etxean, Bilbon. Bertsolaritzaren genealogia feminista "posible" bat landu du diziplina anitzeko kolektiboak, eta urriaren 8an aurkeztuko du, Hi(ZKI)bridoak zikloaren baitan.
Euskararen Etxeko arduradunek jakinarazi dutenez, sarrerak doakoak izango dira, eta telefonoz erreserbatu beharko dira (944 028 081), bi sarrera gehienez. Erreserbak irailaren 21etik aurrera egin ahalko dira, astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ekitaldia streaming bidez ere zabalduko da, Euskararen Etxearen Youtube kanalaren bidez.
Txakur Gorria Sormen Kolektiboaren arabera, "bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza andreren arrastoak agertzen dira".
Horregatik, taldeak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz.
"Emakumez osatutako bertso saio honetan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira erakusgai", azaldu dute.