Udako barnetegiak antolatuko ditu Gabriel Aresti euskaltegiak, Bakaikun eta Bilbon

Gabriel Aresti euskaltegiaren udako barnetegiak
ZENBAT GARA
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 4 julio 2020 13:31

BILBO 4 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiak barnetegiak antolatuko ditu uda honetan ere, Bakaikun (Nafarroa) eta Bilbon. Aurten 30 urte beteko dituen Bakaikuko barnetegian gazteentzako barnetegiak izango dira uztailean eta helduentzat abuztu-irailean.

Zenbat Gara elkartetik jakinarazi dutenez, beharrezko segurtasun neurri guztiekin, eta kopuru txikiko taldeetan, klaseak hasi dira Bilbon. Hainbat talde sortu dira ekainean, baina segurtasunagatik ikasle kopurua mugatu behar izan du euskaltegiak.

Bakaikuko etxean ere, udaro bezala, barnetegiak antolatuko ditu, talde txikietan eta segurtasun neurri berekin. Uztailean gazteentzako barnetegiak egingo dira, bi txandatan banatuta, eta abuztu-irailean helduentzakoak izango dira.

Bakaikuko barnetegiak 30 urte beteko ditu aurten, etxea lehenagokoa den arren. XIX. mendeko baserria aukeratu zuen 1990ean Gabriel Aresti euskaltegiak bere barnetegiak antolatzeko. 2014an eraberritutako etxeak edukiera eta segurtasun irizpide guztiak betetzen ditu. 30. urteurrenaren ospakizunak gutxienez udazkenera arte atzeratzea erabaki du euskaltegiak, jende pilaketak momentuz ekidin behar direnez gero.

Euskal Herriko maparen erdi-erdian dago Bakaiku, Nafarroako Sakanan. Herri txikia da, mendiz eta naturaz inguratua, eta barnetegia pizgarria da herriarentzat, udaro, baita urte osoan beste hainbat alditan ere, euskaran murgiltzen ari diren ikasleen ahotsez bete ohi dira Bakaikuko bazter guztiak.

Bestalde, barnetegiekin batera, Gabriel Aresti euskaltegiak udako ikastaro trinkoak antolatuko ditu Bilbon, egunero bost ordukoak, uztail, abuztu eta irailean. Irailean B2 eta C1 mailetako azterketak prestatzeko hiru orduko ikastaroak ere eskainiko ditu, goizez zein arratsaldez. Kasu horretan B2 eta C1 maila gaindituta edukitzea beharrezkoa izango da.

Ikastaro telematikoei dagokienez, orain arteko autoikaskuntzako sareko ikastaroez gain (Boga), aurten aurrez aurreko sareko ikastaroak antolatuko ditu euskaltegiak, eta eskolak astelehenetik ostiralera egunero hiru orduz emango dira, baina modu telematikoan.

Contenido patrocinado