Udal eta zerbitzu asko itxi dira ELAk eta LABek EAEko udaletan deitutako egun osoko greban

Udal langileen manifestazioa Bilbon
ELA SINDIKATUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 14 mayo 2026 12:21

BILBO 14 (EUROPA PRESS)

ELA eta LAB sindikatuek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udaletan ostegun honetarako deitutako egun osoko grebak udal eta zerbitzu asko itxi ditu, eta Gasteizen, Bilbon eta Donostian egindako hiru manifestazioetan "milaka langile" egon dira, bi sindikatuok prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

ELAk eta LABek salatu dute EAEko udaletan "urte asko" daramatzatela lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe, eta, ondorioz, "udaletako langileon lan baldintzak okertzen doaz etengabe". Gainera, kritikatu dute udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek onartu egin dituztela "Madriletik datozen enpleguari eta soldatari lotutako neurri prekarizatzaileak".

"Gauzak horrela, Udalhitz 16 urte darama berritu gabe eta akordioa berritzeko ireki zen mahaian eduki asko falta dira. Urte bat baino gehiago negoziatzen egon ondoren, ez dira behar besteko aurrerapenak jasotzen Eudel eta alderdi politikoen proposamenetan", deitoratu dute.

Egoera honen aurrean, ELAk eta LABek greba eta mobilizazio dinamika bat jarri zuten abian apirilean EAEko udal sektorean. Bi orduko lanuzteak egin zituzrten apirilaren 23an, eta hurrengo urrats bezala, ostegun honetan, egun osoko grebara deitu dute

Ildo horretan, sindikatuek balorazio "oso positiboa" egin dugu grebaren jarraipenaz. Bizkaian, udal askoren hainbat zerbitzu itxi dira, eta, besteak beste, Basauriko, Sestaoko, Gernikako, Bermeoko, Durangoko eta Arrigorriagoko herrietan ohiko zerbitzu asko ez dira egon greba dela eta, eta Elorrio erabat itxita dago. Bilboko arreta zerbitzua ixteak ere "garrantzia" izan duela nabarmendu dute, udaltegiak eta Bilbao Eszena ixtearekin batera.

Gipuzkoan ere jarraipena "handia" izan dela ziurtatu dute, eta Hernani, Usurbil, Oñati, Arrasate, Bergara, Ordizia, Beasain, Idiazabal, Anoeta eta Urretxuko udaletan greba "erabatekoa" izan da udalak itxiz. Donostian ere greba nabaritu da kultura, musika eskola eta kultur etxearen itxierekin.

Arabari dagokionez, antzeko analisia egin dute sindikatuok. Gasteizko suhiltzaileetaz gain, grebak eragina izan du Gorbeialdeko zonalde osoan, Dulantzin, Asparrenan eta Urkabustaizen.

BORROKA BABESTU

"Argi dago beraz udal langileek haien lan baldintzak hobetzeko borroka babesten dutela. Gasteizen, Bilbon eta Donostian ostegun honetan egin dituzten mobilizazioetan argi ikusten da hori. Milaka langile atera dira kalera haien lan baldintzak hemen erabakitzeko eta mahai negoziatzaileetan edukiak egoteko", nabarmendu dute.

Azkenik, ELAtik eta LABetik zuzen interpelatu dituzte Eudel Euskadiko Udalen Elkartea osatzen duten EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek: "Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko".

Horrela, ohartarazi dute hurrengo maiatzaren 29ko mahai negoziatzailean aurrerapausurik egon ezean, sektoreak ekainaren 4ean berriz ere greba egingo duela.

Contador

Contenido patrocinado