Udal euskaltegien finantzaketa sistema berria adostu dute Jaurlaritzak eta Eudelek

1090031.1.260.149.20260525131927
Vídeo de la noticia
Udal euskaltegien finantzaketa sistema berria adostu dute Jaurlaritzak eta Eudelek - E. MORENO ESQUIBEL
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 25 mayo 2026 13:20

GASTEIZ 25 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak udal euskaltegien finantzazio sistema berria adostu dute lehen aldiz, egonkortasuna eta epe luzerako ikuspegia emateko. Sistema berriak orain arte indarrean egon den eredua eguneratuko du, kudeaketa administratiboa sinplifikatuko du eta udalen zein euskaltegien plangintza gaitasuna indartuko du.

Akordioaren aurkezpena astelehen honetan egin da Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan, eta Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Esther Apraiz Eudeleko elkarteburu eta Derioko alkateak, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak (EAJ), Iñaki Olalde Oñatiko zinegotziak (EH Bildu) eta Jon Ugarte Irungo alkateordeak (PSE-EE). HABEko zuzendari Jokin Azkue eta Eudeleko zuzendari Joseba Intxausti ere izan dira bertan.

Ibone Bengoetxeak nabarmendu duenez, akordioa "ez da neurri isolatu bat", baizik eta Jaurlaritzak 'Jauzia gara' estrategiaren baitan helduen euskalduntzearen sisteman bultzatzen ari den eraldaketa zabalago baten parte. "Euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa eman nahi dugu eta, horretarako, lehentasunezko esparru bat dago: ezagutza eta hizkuntza gaitasuna", adierazi du.

Ildo horretan, lehenakariordeak azpimarratu du euskararen erabileran jauzia eman nahi bada, "doakotasun politikak ez ezik, euskaltegi sare sendo eta egonkorra ere" behar dela".

Era berean, Esther Apraizek euskal udalen "aldarrikapen historiko bati" erantzuteko erakundeen arteko lankidetza goraipatu du, eta udal sentsibilitate ezberdinen artean lortutako adostasunari balioa eman dio: "Gaur funtsezko urratsa ematen dugu udal euskaltegien finantzazioa blindatzeko eta milaka herritarrentzat funtsezko eta hurbileko zerbitzu publiko gisa sendotzeko".

Orobat, akordioak udal euskaltegien egonkortasuna indartzeko, epe luzerako plangintza errazteko eta milaka herritarrentzat gertukoa eta funtsezkoa den zerbitzua sendotzeko duen garrantzia nabarmendu dute agerraldian parte hartu duten udal ordezkariek.

LAU IKASTURTTE

Bada, HABEren eta Eudelen arteko akordioak udal euskaltegien finantzaketa sistema berria ezarriko du 2026-2027ko ikasturtetik aurrera, eta hasiera batean lau ikasturterako indarraldia izango du. Sistema berriak irakasleen kostuetan eta antzinatasunean oinarritutako aurreko eredua ordezkatuko du, jarduera unitateetan eta emandako eskolorduetan oinarritutako sistema sinplifikatuago eta homogeneoago baten bidez.

Helburua da udal euskaltegien finantza egonkortasuna indartzea, kudeaketa administratiboa erraztea eta sistema euskaltegien gaur egungo errealitatera egokitzea da. Gainera, akordioak trantsizio -neurriak aurreikusten ditu, sistema aldaketaren ondorioz kaltetuak izan daitezkeen euskaltegiek galerarik izan ez dezaten.

Horrela, Jaurlaritzak handitu egingo du udal euskaltegietara bideratutako finantzaketa, eta 2025-2026ko ikasturteko 14,1 milioi euroetatik 2026-2027ko ikasturtean 15,1 milioi eurora igaroko da, hau da, %7tik gorako igoera.

Gaur egun, 38 udal euskaltegiek ia 9.000 ikasleri ematen diete zerbitzua, eta 500 bat profesionalek egiten dute lan sare horretan. Guztira, euskaltegi publiko eta pribatuen sareak 35.000 ikasletik gora biltzen ditu Euskadin.

Akordioak, gainera, matrikulazio kanpaina bateratuak egitea eta HABEren eta Eudelen arteko jarraipen batzorde bat sortzea ere barne hartzen du, udal euskaltegien etorkizuneko beharrei erantzuteko eta bi erakundeen arteko koordinazioa indartzen jarraitzeko.

'JAUZIA GARA'

Akordioa Eusko Jaurlaritzak sustatutako 'Jauzia gara' estrategiaren baitan kokatzen da. Estrategiaren helburua euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa sustatzea da, eta horren barne, lehentasunezko esparruetako bat ezagutza eta hizkuntza gaitasuna dira. Jaurlaritzaren helburua da gero eta pertsona gehiagok euskara ikastea eta, batez ere, gero eta pertsona gehiago euskaraz moldatzeko gai izatea eguneroko bizitzan.

Ildo horretan, Jaurlaritzak hainbat doakotasun politika bultzatu ditu azken urteotan euskara ikasteko oztopo ekonomikoak murrizteko. Horrela, A1 mailaren doakotasuna martxan jarri ondoren, maila gainditu duten ikasleen kopurua 1.963tik 2.831ra igo zen ikasturte bakarrean, hau da, %44ko hazkundea eta ia 900 ikasle gehiago euskararen lehen mailara hurbilduta.

Testuinguru berean kokatzen da Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztu duen 'Euskara Bonua' ekimena ere. Proposamen horren bidez, euskaltegietara gerturatzea ez ezik, ikasketa prozesuan jarraitzea eta erabilerarako benetako gaitasuna eskuratzea ere sustatu nahi da.

Era berean, Eusko Jaurlaritza euskaltegi pribatuen etorkizuneko ituntze sistema prestatzen ari da dagoeneko, helduen euskalduntzearen sare osoari egonkortasun handiagoa emateko eta herritarrei kalitatezko zerbitzua bermatzeko helburuarekin.

Contador

Contenido patrocinado