UEMAk bertan behera utzi ditu udalerri euskaldunetako gazteen topaketak

Iazko topaketen parte hartzaileak
UEMA
Actualizado: lunes, 18 mayo 2020 11:06

Urte amaieran hezkuntza araututik kanpo gazteentzat beste zerbait eskaintzea aztertzen ari da

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak erabaki du bertan behera uztea udalerri euskaldunetako gazteen topaketen laugarren aldia, aurreikusita bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako covid-19 gaitzak eragindako egoeraren ondorioz, erakundeak astelehen honetan jakitera eman duenez.

Topaketak ekainaren 29tik uztailaren 5era egitekoak ziren, Zumaiatik Lekeitiora, baina izurriak eragindako egoeraren ondorioz bertan behera geratuko dira aurten, ohiko moldean behintzat. Urte amaieran hezkuntza araututik kanpo gazteentzat beste zerbait eskaintzea aztertzen ari da UEMA.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatu, kontzientziatu eta eragile aktibo bihurtu nahian, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak antolatu ditu aurte ere UEMAk, laugarren aldiz.

Otsailaren 19an izena emateko epea zabaldu zenetik, dozenaka eta dozenaka lagunek eman dute izena, eta aurreikusitako 50 lagunentzako lekua beteta, zozketa egin zuen UEMAk, lurraldetasuna, genero irizpidea eta izena emateko ordena kontuan hartuta.

Azkenean, ordea, inork ezingo du parte hartu, UEMAk ekimena oraingoz bertan behera uztea erabaki baitu, ekainaren amaieran topaketak aurreikusita bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako, covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz.

"KOLPE GOGORRA"

Hezkuntza araututik kanpo ere gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea giltzarria delakoan, topaketak bertan behera utzi behar izatea "kolpe gogorra" izan dela nabarmendu du UEMAren hezkuntza arduradun Jokin Urangak. Dena dela, neguaren atarian, "Gabonetako oporren inguruan edo", beste molde batean bada ere, topaketak antolatzeko asmoa aztertzen ari dira.

Izan ere, horrela sortu zen ekimen hau hasieran, zenbait eguneko topaketa gisa, UEMAk eskoletan bideratzen duen hezkuntza proiektua aisialdira ere zabaltzeko. Hasieran asteburu bateko egonaldia izan zen, Orion, 2017an, baina asteburu baterako prestatutako lantegiak, edukiak eta ekimenak modu zabalagoan lantzeko eta jorratzeko egun gehiagoko egonaldia egokiagoa delakoan, udalekuak antolatu zituen 2018an, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Ekimenak izandako arrakasta ikusita, eta gazteen sentsibilizazioan duen garrantziagatik, iaz formatua aldatu eta herriz herriko topaketa ibiltaria bihurtu zen, gazte gehiagorengana heltzeko helburuarekin.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela lau urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin.

Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.