UEMAk dio udalerri euskaldunak kontuan hartuko dituzten hizkuntza politikak "ezinbestekoak" direla

Archivo - Jendea Gasteizen
GASTEIZKO UDALA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 26 mayo 2022 10:22

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) adierazi du "ezinbestekoa" dela udalerri euskaldunak kontuan hartuko dituzten hizkuntza politikak ezartzea, Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzen kaleko erabilerari buruzko neurketaren datuak ezagutu ondoren.

Azterlanaren arabera, Euskal Herriko erabilera orokorra bere horretan dago (%12,6), baina eremurik euskaldunenetan jaisten ari da euskararen erabilera. UEMAk joan den martxoan aurkeztutako neurketaren emaitzak berretsi egin ditu, hortaz, Euskal Herriko neurketa nagusiak: eremurik euskaldunenean, laugarren gune soziolinguistikoan, atzeraka ari da erabilera; gainerako eremuetan, oro har, nahiko egonkor dago.

Datuak eta bilakaera ez dira ezustekoa izan UEMArentzat, ohiko joera eta irakurketa berresten dutelako. Aritz Abaroa Bermeoko alkate eta UEMAren jarduneko lehendakariak nabarmendu duenez, "denbora da horretaz ohartarazten ari garela: udalerri euskaldunetan aldaketa handiak gertatu dira denbora gutxian, eta ez dira izan euskararen erabilera indartzekoak: biztanle mugimendu handiak gertatu dira, gure herrietako euskaldunen ezaugarriak aldatzen ari dira, erdararen sarbidea areagotu egin da, aldaketa sozialen eragina gero eta handiagoa da".

"Horrek guztiak zuzeneko eragina du hizkuntza jardunean. Urteotako azterketek erakutsi digute euskararen ezagutza jaisten ari dela eremu euskaldunenetan, euskaraz eroso moldatzen diren euskaldunak gutxiago direla, eta etxeko erabilera beherantz ari dela. Beraz, espero izateko argazkia erakutsi du kaleko erabileraren neurketak: hirugarren aldiz, behera jo du", esan du.

Abaroarentzat, "jaitsiera horrek, hala ere, ez gaitu etsipenera eta paralisira eraman behar. Kontrakoa: kontziente izan behar dugu esku artean daukagun erronkaz, eta ekin".

Horretarako, batetik, "ezinbestekotzat" jo du egoerari buruzko diagnostiko argia egitea: "Ari gara lan horretan. Kaleko neurketak eman digu beste argazki bat, eta aurki izango ditugu Inkesta Soziolinguistikoaren eta zentsuaren datuak ere. Azterketa horien guztien emaitzak xehe aztertuko ditugu, argazki osoa eduki dezagun eta lanerako abiapuntu erreal bat izan daitezen. UEMA bera ere ari da lantzen udalerri euskaldunen egoerari buruzko azterketak".

Bigarrenik, diagnostiko horren argitan, "ekiten jarraitzea" dagokiela adierazi du. "Ekiten jarraitzea, eremurik euskaldunenetan ere badaukagulako zertan eragin, urteotan agerian geratu denez. Egoera ez da arrosa kolorekoa, inolaz ere. Ezinbesteko ditugu udalerri euskaldunak kontuan hartuko dituzten hizkuntza politikak; arnasguneak babestu eta bermatu behar ditugu", nabarmendu du.

ELKARLANA

Horretarako, maiatzaren 14an Udalerri Euskaldunen Egunean egindako deia berretsi du UEMAko jarduneko lehendakariak, mankomunitatea sendotzeko eta elkarlanean aritzeko "premia gorria" dagoela nabarmenduz.

"Udalerri Euskaldunen Eguna izan dugu oraintsu Seguran. Elkarlanerako deia egin genuen orduan, eta, kaleko neurketaren emaitzak ikusita, berretsi egin nahi dugu dei hori: elkarrekin aritzeko premia gorria daukagu", adierazi du.

Ildo horretan, udalerri euskaldun guztiei dei egiten die "gure udalerrietan hizkuntza politikak elkarrekin landu ditzagun, herriz herri ari diren elkarteekin, eta Euskal Herriko administrazioekin eta euskalgintzako eragileekin elkarlan estuan. Soilik modu bateratuan jardunez lortuko dugu gizartearen kontzientziazioan eragitea, politika aktibo bezain eraginkorrak sustatzea eta ondorioz, euskararen hedapena eta biziraupena bermatzea".

Contenido patrocinado