UEMAko kide izatea erabaki du Elduaingo Udalak

Elduain
UEMA
Actualizado: lunes, 5 julio 2021 11:23

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

UEMAko kide izatea erabaki zuen Elduaingo Udalak maiatzaren 31n egindako udal osoko bilkuran, Tolosaldean azkenaldian Amasa-Villabonak eta Zizurkilek hartutako bidearen ildotik. Horrela, mankomunitateko 91. udalerria izango da Elduain, eta Tolosaldeari dagokionez, kide den eskualdeko 19. herria izango da, UEMAk jakitera eman duenez.

Elduaingo alkate Oihana Amundarainen hitzetan, "pozgarria da Tolosaldeko udal gehienek UEMAko kide izatea erabaki izana, baina eskualdea osatzen dugun 28 herrietatik geratzen dira batzuk oraindik bidean, eta nire ustez garrantzitsua da guztiok pauso hori ematea, Euskal Herriko arnasgune izaten jarraitzeko eta eskualde gehiagotara zabaltzeko. Euskarak merezi du eta behar du".

Elduaingo datu soziolinguistikoei dagokienez, 2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %94 dira Elduainen. Oro har euskaraz bizi dira bertako herritarrak, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala beheranzko joera islatzen dute datuek, Elduaingo kasuan beherakada apala baldin bada ere.

Elduain Gipuzkoako udalerria da, Tolosaldea eskualdean dago, eta 239 biztanle ditu. UEMAk urtean bi batzar nagusi egin ohi dituenez, hurrengoa abenduaren erdialderako deituko du, urtearen balantzea egiteko, urte berrirako plangintza onartzeko,eta herri berrien eskaerak onartzeko. Ordutik aurrera izango litzateke Elduain UEMAko kide.