UEMAren gazteentzako udalekuak hasiko dira igandean, 120 parte hartzailerekin

Salto! udalekuen parte hartzaileak
UEMA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 20 junio 2025 10:22

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk, eta denera 120 parte hartzaile izango ditu. Udalekuen lehen txanda igandean hasiko da, ekainaren 22an, eta hilaren 30era arte luzatuko da, eta bigarren txanda uztailaren 2tik 10era izango da.

UEMAk jakinarazi duenez, aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta Baliarraindik Idiazabalerako bidea egingo dute gazteek, Tolosaldean hasi eta Goierrin barrena. Zaldibian eta Ataunen ere egingo dituzte bina gau.

Txanda bakoitzean 2007. eta 2010. urteen artean jaiotako 60 lagun izango dira, Hezten aisialdi elkarteko hezitzaileen ardurapean. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko 'Hedatu hezkuntza' proiektua abian du, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean bere teknikariak, haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako, DBHko eta batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin.

Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Euskaraz bizi diren gazteek "inertziatik kontzientziarako saltoa ematea" eta horrekin "efektu biderkatzailea sortzea" da helburua. "Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin", adierazi dute UEMAtik.

Aurten, 2007. eta 2010. urteen artean jaiotako gazteek izango dute udalekuetan parte hartzeko aukera, eta, iaz bezala, bi txanda izango dira: ekainaren 22tik 30era eta uztailaren 2tik 10era.

Azken urteetan bezala, ibiltaria izango da ekimena: Baliarrainen hasi eta, Zaldibia eta Ataun zeharkatu ondoren, Idiazabalera iritsiko dira. Herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte gazteek, eta herri batetik bestera oinez mugituko dira.

120 GAZTE

Aurten, 2007 eta 2010 artean jaiotako gazteek izango dute Salto! udalekuetan parte hartzeko aukera. UEMAk martxoan zabaldu zuen deialdia eta 249 lagunek eman zuten izena.

Aurten ere antolakuntza kontuengatik kopurua 120 lagunetara mugatu denez, UEMAk hainbat irizpide gurutzatuta egin behar izan ditu parte hartzaileen zerrendak: ahalik eta udalerri euskaldun gehien egotea ordezkatuta, lurraldetasuna, genero irizpidea, lehendik ere udalekuotan parte hartu izana eta abar.

Udalekuak kudeatzeko lehiaketa publikoan gailendu ondoren, aurten ere kudeaketa aisialdi euskaltzalean lanean aritzen den Hezten elkarteak izango du, eta bertako hezitzaileek izango dute gazteen ardura udalekuaren bi txandetan.

Lehen txandakoak igande goizean elkartuko dira Baliarraingo plazan. Behin taldeetan antolatu ondoren, eta talde bakoitzak bere erreferentziazko hezitzailea duela, bederatzi eguneko egitarau oparoari emango diote hasiera.

Tolosaldean eta Goierrin barrena izango da aurten udalekua, eta lau herri ezagutuko dituzte gazteek: Baliarrain, Zaldibia, Ataun eta Idiazabal, beti ere euskaldun gisa ahalduntzeko UEMAk eta Hezten elkarteak prestatutako egitarauaren baitan.

Ohi bezala, gainera, gazteen arteko sareak sortzen, genero estereotipoei eta rolei aurre egiten dieten berdintasunezko eta errespetuzko jarrerak sustatzen, eta ibilaldietako eta herrietako baliabideak aprobetxatuz gazteen artean ingurumen eta ekologia kontzientzia barneratzen eta garatzen ere ahaleginduko dira Hezten elkarteko hezitzaileak.

Gazteek beharrezkoa duten guztia bermatuta izango dutenez, ez dute dirurik beharko udalekuan zehar. Era berean, "udalekua elkarbizitzaz gozatzeko eta taldearen baitan ongi pasatzeko une ezin hobea dela sinetsita", sakelako telefonorik ez eramatea gomendatu zaie parte hartzaileei.

Udalekuaren berri emateko, aurreko urteetan bezala, Salto! Telegram kanala eta Instagram kontua erabiliko ditu UEMAk, batez ere gazteen etxekoek haien berri izan dezaten. Parte hartzaileek, berriz, behin udalekua amaitzean izango dute kanal eta kontu horietako edukia ikusteko aukera.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado