UEMAren udaleku ibiltaria asteazkenean abiatuko da, Usurbildik

Actualizado 2019/06/24 10:54:40 CET
UEMAren udaleku ibiltaria.
UEMA

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

UEMAk aurten antolatutako udalekua ibiltaria izango da, hainbat ekitaldirekin, eta parte hartzaileek Usurbildik Arantzarako bidea egingo dute asteazkenetik igandera, ekainaren 26tik 30era. Gazteak kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuaren helburua, eta udalerri euskaldunetan bizi diren DBH3ko, DBH4ko eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago, UEMAk jakinarazi duenez.

Azken urteotan, UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea, euskararen arnasguneen garrantziaz ohar daitezen, hizkunta ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko. Ildo horretan, arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abiarazi zuen erakundeak duela hiru urte, soziolinguistika edukiak modu integralean eskoletan txertatu nahian, gazteak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko.

Horrela, ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, gazte topaketak eta udalekuak ere antolatu ditu azken urteotan UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin. Aurten, asteazkenetik igandera izango da ekimena. Udalerri euskaldunetako 60 gazte inguruk eman dute izena, eta, asteazkenetik aurrera, Usurbildik Arantzarako bidea egingo dute, UEMAren hezkuntza arduradunarekin eta arduradun izango dituzten beste bost begiralerekin batera.

UEMAko hezkuntza arduradun Jokin Urangaren hitzetan, "euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin".

Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, hainbat udalek ere berariaz lagundu dute ekimena, herriko elkarteen eta eskolen artean ekimenari buruzko informazioa zabalduz. Usurbilgo, Oiartzungo, Berako eta Arantzako udalek, berriz, herriaren baliabideak ere jarri dituzte topaketak eduki eta azpiegitura aldetik laguntzeko.

HARRIA HITZ

Ildo horretan, Usurbilek hainbat ekimen ditu, eta horiek udalerri euskaldunetako gazteei ezagutarazteko aukeratzat ikusten ditu UEMAren topaketa hauek. Zehazki, Usurbildik abiatuko diren egunean, topaketetan parte hartuko duten gazteek Harria Hitz ibilbidea ezagutzeko aukera izango dute. Horrelako bisita eta ekimenekin gazteen ahalduntzean eta kontzientziazioan eragin nahi da, horrek gero hizkuntza ohituretan ere eragina izango duelakoan.

Oiartzunen, berriz, bertako Euskara Zerbitzuak herriko gazteen artean berariaz landu du harrera nola egin gazte topaketetako partaideei. Horretarako bilera egin dute Oiartzungo Udalak eta UEMAk herriko gazteekin. Zehazki, Haurtzaro ikastola eta Elizalde herri eskolako Eskuttun eta Tirikitauki euskara taldeetako ikasleekin batera antolatu du Oiartzungo Udalak harrera.

Topaketa ibiltariko gazteak Oiartzunera iristen direnean, talde horietako gazteek eta Oiartzo Batxilergo ikastolako hainbat ikaslek egingo diete harrera, eta boluntario gisa ariko dira lanean, otorduak ematen, lotarako tokia prestatzen eta antzekoetan, lehen bi ibilbideetan bidaide izatearekin batera.

Contador