UEUk 20 ikastaro eskainiko ditu Eibarren, sei jakintza arlotan banatuta

Irati Iciar (ezk.) eta Karmele Artetxe
UEU
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 12 junio 2013 14:01

BILBO 12 Jun. (EUROPA PRESS) -

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) prest ditu Udako Ikastaroen 41. edizioaren baitan Eibarko (Gipuzkoa) Ikastetxe Nagusian eskainiko dituen ikastaroak. Markeskoa Jauregian 20 ikastaro eskainiko dira, sei jakintza arlotan banatuta.

Udako Ikastaroen Eibarko eskaintzaren aurkezpenean Karmele Artetxe UEUko zuzendaria eta Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduraduna egon dira, Markeskoa Jauregian bertan.

Jakina denez, eta iazko egoera ekonomiko zail berdina izan arren, guztira 41 ikastaro antolatu ditu UEUk, "40+1: Dakiguna erakutsiko dizugu" goiburupean, eta horietatik 20 Eibarren eskainiko dira. Gainera, udako eskaintzak bat egiten du dagoeneko martxan dagoen "Ni ere, UEU" kanpainarekin, UEU ezagutzera eman eta proiektuarekiko atxikimenduak jaso nahi dituen kanpainarekin, alegia.

Irati Iciarrek azaldu du Eibarren eskainiko diren 20 ikastaroak sei jakintza arlotan banatuta egongo direla: Artea eta musika; Giza-zientziak; Zientziak; Ingeniaritza eta teknologia; Osasun zientziak; eta Gizarte zientziak.

Halaber, aurten hiru formatu desberdineko ikastaroak daudela jakinarazi du. Alde batetik, ikastaro espezializatuak egongo dira, aurretiko jakintza maila bat eskatzen dutenak; bestetik, dibulgazioko ikastaroak interes orokorrekoak dira eta ez da jakintza maila zehatzik behar; eta azkenik, garapen pertsonaleko ikastaroek pertsona moduan garatzeko balio dute, galerak modu baikorrean bizitzen ikasteko adibidez.

Bestalde, Karmele Artetxek nabarmendu du "pozgarria" dela beste urte batez UEUren Udako Ikastaroak aurkezten egotea, azken bi urteak UEUrentzat "ekonomikoki oso zailak" izaten ari direlako eta egoera horretan gauzak antolatzen jarraitzea "benetako ahalegina" izaten ari delako UEUn parte hartzen ari diren guztiontzat.

"Egoera honek, ordea, gure oinarri soziala indartzeko balio izan du, eta horri esker, iaz azken garaietako ikastaro kopuru handiena eskaini bagenuen 40. urteurrena ospatzeko, aurten erronka horri eutsi eta 41 aurkezten ditugu, iaz bezain arrakastatsuak izango direnaren ilusioarekin", azpimarratu du.

Contenido patrocinado