UEUk 35 ikastaro, jardunaldi eta tailer eskainiko ditu 46. Udako Ikastaroetan

UEUko Udako Ikastaroak aurkeztuko dituzte
UEU
Actualizado 2018/05/24 13:07:13 CET

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 35 ikastaro, jardunaldi eta tailer antolatu ditu 46. Udako Ikastaroen baitan, azken urteetako arrakasta errepikatzeko helburuarekin. Iazko lelo berdina aukeratu dute aurtengo ediziorako ere, hau da, "Elkar Ekin", udakoak elkarlanean antolatu eta jakintza berriak sortzen direla azpimarratzen jarraitzeko asmoz.

Gasteizen egingo den euskara batuaren jardunaldiak emango die hasiera ikastaroei, ekainaren 21ean. Gainera, Iruñean egoitza iraunkorra estreinatuko da, eta Baionan barnetegia berreskuratuko dute, Bernat Etxepare lizeoarekin lortutako hitzarmena medio. Dagoeneko matrikula zabalik dago www.ueu.eus web orrian.

UEUko 46. Udako Ikastaroak Iruñean aurkeztu dituzte, ostegun honetan, Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak.

Iciarrek adierazi du 35 jarduera antolatu dituztela aurten, baina ehundik gora ikastaro proposamen jaso dituztela, eta, beraz, "aukeraketa egitea zaila" izan dela nabarmendu du, "jasotako ideiak oso onak izan direlako".

Hain zuzen, Iruñean zazpi ikastaro egingo dira, Eibarren 15 ikastaro eta hiru jardunaldi, Baionan zazpi ikastaro, eta Gasteizen, Usurbilen eta Donostian jardunaldi bana. Sei formatu desberdineko ikastaroak daude: ikastaro espezializatuak (aurretik jakintza maila bat beharrezkoa da), dibulgazioko ikastaroak (interes orokorrekoak eta jakintza maila zehatzik ez da behar), garapen pertsonaleko ikastaroak, jardunaldiak, hitzaldiak eta tailerrak.

Laguntza garrantzitsuak daude aurten UEUko Udako Ikastaroetan parte hartzeko. Horrela, ikasle, langabe eta jubilatuen matrikuletan beherapenak eskaintzen ditu UEUk. Gainera, Bizkaiko unibertsitateko ikasle eta ikasle ohi langabeek matrikula, egoitza eta joan-etorria doan dute (prozedura www.ueu.eus helbidean dago). Orobat, Euskal Herriko hainbat udalek diru laguntzak emango dituzte beren herritarrentzat (zerrenda guztia UEUko webgunean), eta Berrialagunek UEUko bazkideek duten deskontu bera izango dute.