UEUk 'Bekaduna' webseriea estreinatuko du maiatzaren 3an

'Bekaduna' Webseriearen Grabazioa
UEU
Actualizado: jueves, 28 abril 2022 11:36

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 'Bekaduna' izenburuko umorezko webseriea estreinatuko du maiatzaren 3an, bere 50. urteurrena ospatzeko asmoz eta maiatzean eta ekainean egingo duen bazkidetza kanpainaren baitan. UEUk eta BIRA Produkzioak eta Hiru Damatxo ekoiztetxeek egin dute elkarlanean, eta Mikel Irazustak eta UEUko lantaldeak egin dituzte aktore lanak. Webseriea lau kapituluk osatzen dute eta asmoa da bi astean behin UEUren Youtube kanalean atal berri bat argitaratzea.

UEUko iturriek jakinarazi dutenez, ikus-entzunezko lanaren helburua da 50. urteurrena "modu jostagarrian ospatu, oraindik UEU ezagutzen ez duten publikora iritsi eta UEUko lantaldea eta bazkideak omentzea".

Idoia Torregarai UEUko komunikazio arduradun eta proiektuaren koordinatzaileak egitasmoak bere inguruan sortu duen ilusioa azpimarratu du. "UEUren 50. urteurrena modu desberdin batean ospatu nahi genuen. Askotan gisa honetako urteurrenak oso seriotik joaten dira, eta nahiz eta horrelakoak ere beharrezkoak diren, UEUren izaera alaia eta parte hartzailea islatuko zuen zerbait egin nahi genuen, zerbait ganberroagoa", azaldu du.

Adierazi duenez, BIRA Produkzioak eta Hiru Damatxo etxeetako kideek 'The Office' telesailean oinarritutako gidoia aurkeztu zietenean, "segituan gustatu zitzaigun eta lantaldeko kideak aktore bihurtzea ederra litzatekeela pentsatu genuen". Horrela, 21 laguneko lantaldetik 16k parte hartu dute, zuzendaritzako kide batekin batera.

"Grabazio egunetan oso urduri geunden, baina esperientzia zoragarria izan da. Eskerrak eman nahi dizkiegu BIRA Produkzioak eta Hiru Damatxoko lagunei, profesionaltasun eta goxotasun guztiarekin aritu baitira. 'Bekaduna' UEUren komunitate osoari egin nahi diogun opari bat da; guri bezainbat gustatzea espero dugu", esan du.

Egitasmoa kokatzen da maiatza eta ekainean UEUk egingo duen bazkidetza kanpainaren baitan. Webseriea lau kapituluk osatzen dute eta asmoa da bi astean behin UEUren Youtube kanalean atal berri bat argitaratzea. Tarteko asteetan bestelako edukiak zabalduko dituzte: toma faltsuak, gifak, argazkiak eta abar.