Actualizado 12/05/2022 12:17

UEUren 50. Udako Ikastaroek 22 jardunaldi eta topaketa izango dituzte

Ezkerretik eskuinera: Pauline Guelle, Irati Iciar eta Kepa Sarasola
UEU

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Udako Ikastaroek 50 urte beteko dituzte aurten. Edizio berezia izatea nahi du UEUk, eta, hori dela eta, 22 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragileekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Maiatzaren 21ean Biarritzen egingo den '50 urte UEUgintzan' jardunaldiak emango die hasiera ikastaroei.

UEUren 50. Udako Ikastaroen aurkezpenean Baionan egin da, eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Pauline Guelle UEUko zuzendaritzako kideak parte hartu dute.

Biarritzeko hasierako jardunaldiaren ondoren, UEUren Udako Ikastaroen lehen astea ekainaren 27tik uztailaren 1era izango da, Iruñea, Bilbo, Eibar eta Donostian; jarraian, uztailaren 4tik 8ra, Eibarren eta Usurbilen izango dira jarduerak; azkenik, uztailaren 11tik 15era, Baionan eta Eibarren eskainiko dira azken topaketa eta ikastaroak. Matrikulazioa zabalik dago jada www.ueu.eus helbidean.

Kepa Sarasolak adierazi du Udako Ikastaroek 50 urte beteko dituztela aurten eta UEUrentzat "urteurren garrantzitsua" dela hauxe. Gogorarazi duenez, Donibane Lohitzunen egin ziren lehen Udako Ikastaroak hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, "euskarak unibertsitaterako ere balio zuela erakutsi nahi zutelako".

"Orduz geroztik, urtero-urtero, bost hamarkadetan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin udako beraien zitara, eta hasierako sustatzaile haiek aurreikusi bezala, UEUk eta Udako Ikastaroek frogatu dute asko ongi euskara zein erabilgarria den unibertsitatean ere", azaldu du.

Ildo horretan, UEUn aritu diren milaka pertsonei eskerrak eman dizkie, "beraien elkarlanari esker posible izan baita euskara teknikoa sortzea, beraiei esker lortu baita unibertsitate mailako 500 liburu baino gehiago argitaratzea; beraiei esker fisika nuklearrari buruz klaseak eman ditzakegulako; beraiei esker Ikergazte kongresua antolatu dezakegulako".

"Katebegi askok ekarri gaituzte hona, eta aurrerantzean ere katebegiek jarraitu dezaten nahiko genuke. Izan zaitezke katebegi horiek aurten Udako Ikastaro eder hauetan parte hartuz", gaineratu du.

EDIZIO BEREZIA

Bestalde, Irati Iciarrek aurtengo ikastaroei dagozkien xehetasunak azaldu ditu. Jakinarazi duenez, 22 jarduera antolatu dituzte, baina aurten guztiak izango dira jardunaldiak edo topaketak.

"50. edizioa berezia izatea nahi genuen UEUrentzat eta euskal gizartearentzat estrategikoak edo garrantzitsuak diren hainbat gai lantzeko aukera paregabea genuela ikusi genuen eta horretarako, ohikoa den moduan, hainbat eragilerekin #ElkarEkin antolatu ditugu: hamar eragile, UEUko hamar sail eta azpiegituretan ere beste zortzi eragile izango ditugu bidaide", adierazi du.

Bere iritziz, "fruitu asko" emango duen edizioa izango da aurtengoa, "etorkizunera begira jarriko baikara". Hausnarketa hauetan ahalik eta jende gehiagok parte hartu dezan, hamar euroko prezio eskuragarria jarri diote matrikulari.

BIARRITZEKO JARDUNALDIA

Azkenik, Pauline Guellek maiatzaren 21ean Biarritzen egingo den hasiera jardunaldiaren berri eman du. Azaldu duenez, Udako Ikastaroak Ipar Euskal Herrian sortu zirenez, "argi genuen 50. urteurreneko hasiera jardunaldia ere bertan egin behar genuela". Horrela, '50 urte UEUgintzan' izenburua du eta Biarritzeko Mediatekan egingo da.

Ekitaldian, UEUren eta euskal unibertsitatearen egoera aztertu nahi dute, "iragana gogoratuz baina etorkizunari begira". Era berean, hasierako bultzatzaileak eta eragileak omenduko dituzte. "Gonbidatuta zaudete ekitaldira, eta gonbidatuta zaudete ere uztailean Bernat Etxepare lizeora etortzera", gaineratu du.

Dei berezia egin die bertako herritarrei UEUn parte hartu dezaten, "tamalez Ipar Euskal Herrian euskararen egoera hezkuntzan eta bereziki unibertsitatean ez delako beharko lukeena".

Contador