Actualizado 17/12/2013 21:47 CET

"Umezurtzak" filma estreinatuko da asteazken honetan Bilbon

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Zinexit zinema zikloaren hirugarren edizioak "Umezurtzak" filmaren estreinaldia eskainiko du asteazken honetan, urriaren 23an, AlhondigaBilbaoko auditoriumean. ETAk bere jarduera armatua eten ondoren Euskadin girotutako fikziozko lehen filmaren zuzendaria Ernesto del Rio bilbotarra da. Bi neraberen arteko maitasunezko istorio batek eragiten duen ETAko preso ohi baten eta bere biktima baten alabaren topaketa kontatzen du pelikulak.

   "Umezurtzak" telebistarako egindako 'TV movie' bat da, areto handietarako ohiko pelikulen formatua eduki arren. Sendeja Films ekoiztetxe bilbotarraren lana da, ETBren parte hartzearekin eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren kolaborazioarekin.

   Otsaila eta martxoa artean Bilbo, Sondika, Muskiz eta Portugaleten filmatua, fikzioa 2012an girotuta dago, 2011ko urriaren 20an ETAk ekintza armatuak behin betiko uzteko erabakiaren ondorengo hilabeteetan. Argumentuaren ideia Ernesto del Riorena eta Luis Egiraun gidoigile eta zuzendariarena da, eta gidoia Juan Basek idatzi du.

   Istorioak ETAk duela 27 urte bere aita hil zuen magistratu bat aurkezten du. Bere auzokide eta lagun minak nerabezaroan dagoen alaba bat dauka, eta honek, 17 urtez kartzelan egon den preso ohi baten semearekin harremanak hasten ditu, protagonistaren aita hil zuen atentatuan parte hartu zuen preso ohia bera.

   Euskaraz filmatua, "Umezurtzak" pelikulako protagonista nagusiak Itziar Atienza, Patxo Telleria, Carmen San Esteban, Joseba Apaolaza, eta Jurgen Murua eta Amaia Iraundegi 18 urteko gazteak dira, aktore gazteen debuta izanrik.

   Ibon Antuñanoren argazkiarekin eta Alvaro Segoviaren musikarekin, 106 minutuko iraupena du filmak. Esan bezala, gidoia Juan Bas idazle bilbotarrak idatzi du, eta euskarazko bertsioa Fermin Etxegoien kazetari eta idazlearena da. Telebistako lehen emanaldia 2014ko hasierarako espero da, eta bitartean zenbait nazioarteko zinemalditan parte hartzeko aurkeztu da.

ERNESTO DEL RIO

   Ernesto del Rio zuzendariarentzat, "pelikula hau, ideologia bata edo bestearen eraikuntzaren zerbitzura dagoen indarkeriaren atzean, zauri bat dagoela esatera dator, biktimen zauria, eta hori sendatzeko, denbora luzea beharko dela; baina garrantzitsuena aukera hori ez galtzea da".

   Zentzu honetan, "Umezurtzak" pelikulak "denbora asko galdu duen eta luzatu egin den bi aldetako aitorpena islatzen du, hiltzaile ohi baten eta berak hil zuen gizonaren alabarena; biak borrokatzen dute aurrera egiteko eta biak batera egin beharko dute bidea, zeren eta gaur eguneko bi gaztek, bakoitzaren akatsak bizkarrean daramatzatela, ez diotelako beste irtenbiderik emango".

   Ernesto Del Rio (Bilbo, 1954) zuzendaria, gidoigilea eta zine ekoizlea da, eta 2000tik gaur arte Zinebi Bilboko Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaria da. Luis Egiraunekin batera zenbait film labur egin ondoren, 1985ean Sendeja Films ekoiztetxe propioa sortu zuen eta 1987an bere lehen film luzea zuzendu zuen: "El amor de ahora".