DONOSTIA 20 Ene. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikitako URA Uraren Euskal Agentziak kontsultarako jendaurrean jarri du "Donostiako Martutene auzoan Urumea ibaia uholdeetatik babesteko proiektu aldatua".
Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak 2013ko abenduaren 16an emandako Ebazpenaren bitartez, proiektuak hasierako onespena izan zuen (1. eta 2. fase xehatuak). Proiektu horien baitan jasoak daude, besteak beste, ondasun eta eskubideen zerrenda, 1 eranskin gisa erantsita doana, eta, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterketarekin batera, jendaurreko kontsultan jarri dira.
Proiektu xehatu hauen xedea Martutene auzoa uholdeetatik babesteko eta ibaia bideratzeko lanak zehaztu eta zenbatestea, eta jatorrizko proiektua egokitzea da. Lan horiek guztiak bi fasetan egingo dira. Lehen faseak Martutene zubitik ibaian gorako zatia hartuko luke bere baitan, eta bigarrenak Martutene zubitik ibaian beherako zatia, azken jarduera gunera arte, GI-131 errepidean dagoen Lugañene zubiraino.
Proposatutako ibilguaren biderapenak gutxi gorabehera 1.370 metroko luzera dauka eta egungo errekaren ibilguari eustea du xede, inolako eraginik sortu gabe, eta 0,00 kotatik aurrera bere zabalera handituz. Guztira, 45 metro gutxienez eta 50 metro gehienez izango da ibaiaren behin betiko zabalera.
Proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko interesik edo eraginik duten herritarrek erreklamazioak aurkez ditzakete Donositako udaletxean edo Ur Agentziaren Ekialdeko Kantaurialdeko Arroen Bulegoan. Proiektua aipatutako egoitzetan eta URAren webgunean argitaratu da, nahi duenak azter dezan.