BILBO, 30 (EUROPA PRESS)
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Javier Arriola Iberdrola taldeko banatzailea den I-DE enpresako Iparraldeko Eskualdeko zuzendariak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Urdaibaiko eta bere eragin eremuko sare elektrikoaren elektrifikazioa, modernizazioa eta horren ingurumen inpaktuaren murrizketa sustatzeko, Next Generation EU funtsen bidez Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Euskadiko 2030eko Ingurumeneko V. Esparru Programa onartu zuen joan den martxoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ingurumen politika jaso zuen bertan. Erreferentzia esparru horrekin, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eskumena du ingurumenean, klima aldaketaren aurkako borrokan, ekonomia zirkularrean eta natura ondarearen kontserbazioan. Bestalde, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU energia elektrikoa banatzen duen enpresa bat da, eta presentzia zabala du EAEn.
Bada, kontuan hartuta azpiegitura elektrikoak ezinbesteko aktiboak direla ekonomia deskarbonizatzeko trantsizio energetikorako, beharrezko ikusi dute Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren inguruko sare elektrikoa indartzea eta modernizatzea, bere ahalmena eta fidagarritasuna hobetzeko, inguruko garapen ekonomikoak berak eskatzen dituen beharrei erantzunez.
Gainera, hitzarmenean aurreikusten diren jarduketekin, ingurumenarekiko sentikorrak diren inguruneetan sare elektrikoek ahalik eta eragin txikiena izatea bermatu nahi da (Urdaibain, esaterako), eta hegazti faunarentzako arrisku potentzialeko guneak ahalik eta gehien murriztu.
Horretarako, hiru jarduketa nagusi egitea aurreikusi da. Alde batetik, sare elektrikoaren ahalmena eta fidagarritasuna eta inguruko sorkuntzaren ebakuazio ahalmena handituko da, 132 kV-ko sarera konexioa indartuz eta potentziako soluzio elektroniko berritzaile bat instalatuz (soluzio hori euskal industriaren lankidetzarekin garatu da).
Bestalde, hainbat linea elektriko eta aireko transformadore lurperatuko dira, 250 euskarri elektriko eta 25 km-ko aireko lineak kentzeko, eta azkenik, goi tentsioko 120 euskarri elektriko inguru egokituko dira, hegazti fauna babesteko soluzioak emanez.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 352.810 euro bideratuko ditu hitzarmenera, Next Generation EU funtsetatik eratorritako baliabideen bidez. Bestalde, I-DE Iberdrola taldeko banatzaileak hitzarmenean jasotako gainerako jarduketak egikarituko ditu, baliabide propioak erabiliz elektrifikazio jasangarriarekiko hartutako konpromisoaren parte gisa.
Onartutako hitzarmenak lau urteko indarraldia du, eta betetzen dela egiaztatzeko batzorde bat eratuko da. Batzorde horren buru Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketarako zuzendaria eta Bizkaia-Araba eremurako I-DEren arduraduna izango dira.