BILBO 7 (EUROPA PRESS)
Urdiaingo (Nafarroa) eta Zeberioko (Bizkaia) udalek osoko bilkurak izan dituzte aste honetan, eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko erabakia hartu dute biek. Abenduaren 13an egingo du UEMAk urte amaierako batzar nagusia, Etxarri Aranatzen (Nafarroa), eta orduan aztertuko ditu herri berrien eskaerak.
Zeberio eta Urdiain gehituta, 120 udal izango ditu mankomunitateak, eta guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute, UEMAko iturriek jakinarazi dutenez.
Urdiaingo Udalak asteazkenean izan zuen udal osoko bilkura, azaroaren 5ean, eta udalbatza osatzen duten EH Bilduko bost zinegotziek ahobatez onartu zuten UEMAko kide izatea.
Nafarroa Garaiko udalerria da Urdiain. Sakana eskualdean dago, Burunda bailaran, eta 642 biztanle ditu. Soziolinguistikoki, euskara indizea (euskaldunak gehi ia euskaldunak) %80,05 da Urdiainen;ezagutzaren indize horrek, ordea, nabarmen egiten du behera kaleko erabileraren (%36,4) datuekin alderatuta.
Urteetako bilakaera orokorrari behatuta ere beheranzko joera sumatzen da, eta, beraz, UEMAren arabera, "garai bateko udalerri euskaldun askoren bilakaera argi erakusten du Urdiainek: ezagutza altuko udalerria izan arren, erabilerari dagokionez erdara gailentzen da, eta horrek eta beste hainbat aldagaik agerian uzten dute euskararen aldeko hizkuntza politika aurreratuaren beharra, herritarren ahalduntzean eta hizkuntza ohituretan eragiteko, besteak beste".
David Oroz Alonso Urdiaingo alkatearen hitzetan, gehienbat kezka horretatik abiatuta hartu dute UEMAra batzeko erabakia. "Azken urteetan, duela 20 bat urtetik hona batez ere, kaleko errealitatea guztiz aldatu da Urdiainen. Lehen, euskaraz zekien jende gehienak euskeraz egiten zuen. Azken urteetan, ordea, erabilerak behera egin du, nabarmen, batez ere haurren eta gazteen artean", azaldu du.
Adierazi duenez, "ustez eremu euskaldunen bizi eta euskaraz ikasi arren, badira euskaraz eroso aritzeko gai ez direnak ia, eta horrek zer pentsatua ematen digu. Egoerari buelta emateko lankidetza guztien beharra izango dugu".
ZEBERIO
Bestalde, Zeberiok ostegunean egin zuen osoko bilkura, azaroaren 6an, eta UEMAko kide izatea onartu zuen, EH Bilduko bost zinegotziren aldeko botoekin eta EAJko bi zinegotziren abstentzioarekin.
Bizkaiko udalerri euskalduna da Zeberio. Bizkaia hego-mendebaldean dago, Arratia-Nerbioi eskualdean, eta iaz 1.081 biztanle zituen. Euskara indizea %80,2 da, baina Zeberion ere ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (%45,82) eta etxeko erabileraren (%33,92) datuak behatuz gero.
Zeberio ere euskararen ezagutza altuko udalerria da, beraz, baina "euskararen nagusitasun argirik gabekoa ere". Horregatik, kontzientziazioan eta herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko beharra ikusi dute Zeberion ere.
Horren jakitun erabaki du Zeberioko Udalak UEMAko kide izatea, besteak beste, herritarren ahalduntzean eta erabileran eragiteko UEMAren esperientzia bidelagun izango dutelakoan.