BILBO, 2 (EUROPA PRESS)
Naroa Elortegi gatikarra eta Mikel Ibargoien urnietarra izan dira GazteBizHitza atariak antolaturiko GOazen Boisera! lehiaketan sarituak, epaimahaiak gazte hauen lana saritu ondoren jasotako 60 idazlan eta bideoen artean. Irabazleek uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean AEBetako Boise hirian ospatuko den jaialdian parte hartu eta bertatik berriemaile lanak egiteko aukera izango dute, Gazteaukera blogean. Gazte blogariek bidaia eta gastuak ordaindurik izango dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, modu honetan, Gatikatik (Bizkai) eta Urnietatik (Gipuzkoa) Boiserako bidea egingo dute sarituek uztailaren amaieran.
Naroa Elortegi Energia Berriztagarrien Ingeniaritza gradua ikasten ari da, 21 urte ditu eta futbolaria eta kirolzale amorratua da; Mikel Ibargoien, aldiz, 26 urteko kazetaria da eta kirol kazetaritzan aritu da irratian lanean. Biak hala biak, "gogotsu eta pozik" azaldu dira Boiseko Jaialdia ezagutu, eta euskal diasporaren berri emateko aukera honekin.
Boiseko Jaialdia bost urterik behin ospatzen da eta euskal diasporaren jai handienetako bat da, bertan biltzen direlarik AEBetako euskal etxeetako ordezkariak zein kanpotik etorritako euskaltzaleak. Jaialdian euskal dantzak, musika, herri kirolak, bertso saioak eta bestelako emankizun ugari egongo dira.
GazteBizHitza Eusko Jaurlaritzaren gazteentzako aholkularitza eta orientazio zerbitzua da. Interneteko atari honetan, ikasketa, lan eta etxebizitzaren inguruko informazioa eta arreta pertsonalizatua jaso dezakete gazteek, whatsapp, posta elektroniko zein telefonoz. Lehiaketa honen bidez hiru gai hauen inguruko iritziak eta gogoetak ezagutzeko aukera izan dute antolatzaileek eta aurkezturiko lanen kalitate ona azpimarratu dute.