BILBO 25 (EUROPA PRESS)
Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarrak 2027ra arte luzatu du kontratua Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldearekin. Kontratua 2025era arte zegoen indarrean, iaz berritu ondoren, baina bi aldeek "etorkizuneko kirol proiektu euskaldun baten lotura luzatzeko nahia bete dute".
Taldeko iturriek jakinarazi dutenez, Ostolazak "ezin hobeto irudikatzen du" Euskadi Fundazioak eta Laboral Kutxak proiektu honi ekiterakoan zuten helburua, etxeko txirrindulariei maila gorenean lehiatzeko aukera eta beharrezko baliabideak ematea, hain zuzen ere.
Horrela, txirrindulari gipuzkoarrak nabarmen egin du aurrera azken lau urteetan maila profesionalean Laboral Kutxaren eskutik, eta aurten hiru garaipen eskuratu ditu. Garaipen horiek eta nazioarteko egutegiko proba onenetan izan duen erregulartasunak munduko sailkapeneko 75 txirrindulari onenen artean sartu dute.
Hain zuzen, aurten garaipena lortu du errepideko Espainiako Txapelketan eta, lehenago, Aubisquen eta Pirinioetako Tourrean; bigarren izan da Eibar Hiriko Sari Nagusian, bosgarren Andaluziako Itzulian, 11. Ardecheko Tourrean -bigarren etapa batean- eta debuta egin du Italiako Giroan eta Frantziako Tourrean, 16. eta 24. postuetan geratuz, hurrenez hurren. Europako eta Munduko ere txapelketetan ere izan da.
Usoa Ostolazak adierazi du "oso pozik" dagoela datorren urteaz gain beste bi urtez luzatu duelako kontratua Laboral Kutxa taldearekin. "Azkenean etxean sentitzen naiz, baloratua arlo guztietan, eta honi garrantzi berezia ematen diot errendimendua lortzeko orduan. Egunerokotasunean asko motibatzen nau etxeko talde honetan egoteak, eta lasterketetan zer esanik ez. Niretzat faktore oso garrantsitsua da hori gustura egoteko eta ilusioarekin jarraitzeko kirol honetan", azaldu du.
2024ko denboraldia "oso berezia" izan dela azpimarratu du, lehenengo aldiz parte hartu baitu Ardenetako klasikoetan, Italiako Giroan eta Frantziako Tourrean, baita Europako eta Munduko txapelketetan ere. "Gainera, nire lehen garaipenak lortu ditut profesional bezala, beraz, asko gozatu dut urteaz, baita asko ikasi ere", gaineratu du.
Era berean, esan du "ilusioarekin eta gogoarekin" dagoela aurten ikasitako guztia hurrengo urtean praktikan jartzeko. Bere hitzetan, "aurten aurreneko aldiz parte hartu dudan lasterketa horietan guztietan hurrengo urteari begira nahiko nuke errendimendua hobetzea eta emaitzei begira zerbait hobea egiten saiatzea. Eta, beti esaten dudan bezala, talde hau aurrerapauso handiak ematen ari da urtez urte, eta gogotsu nago ikusteko hurrengo urtean zein arreraupaso emango ditugun batera maila igozeko eta emaitza politak eskuratzeko".
"ALBISTE POZGARRIA"
Bestalde, Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko kirol arduraduna esan du Usoa Ostolazaren kontratuaren luzapena bermatzea "taldearentzako benetan albiste pozgarria eta garrantzitsua" dela. "Azken finean, etxeko txirrindularia da, gurekin batera hazi da, proiektuarekin batera, eta urtetik urtera egin duen bilakera hor dago", gaineratu du.
Aurten egin duen denboraldia "goraipatzekoa" izan dela nabarmendu du, "garaipenak lortzen, eta taldeari protagonismo handia ematen, batez ere lasterketeta garrantzitsuenetan".
"Beraz, oso pozik gaude bere errendimenduarekin eta espero dugu horrela izatea baita etorkizunean ere. Gurekin Usoak izan duen hazkundeak inguruko txirrindulariekin proiektuak egiten duen prestakuntza eta garapena lana baieztatzen du", adierazi du.
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak hamar txirrindulari ditu oraingoz 2025erako: Naia Amondarain (kontratu berritua), Idoia Eraso, Usoa Ostolaza (kontratu luzapena), Ane Santesteban, Debora Silvestri (kontratu berritua), Catalina Soto, Alba Teruel, Laura Tomasi, Cristina Tonetti eta Eneritz Vadillo.