GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)
Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria dira 2022. urteko lehenengo Euskadi Literatura sarien irabazleak, Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitateetan, 'Bihurguneko nasa', 'Barruko hotsak' eta 'Irrimola' lanengatik, hurrenez hurren.
Hala jakinarazi du ostegun honetan Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gasteizko Artium museoan egin den prentsa agerraldian.
Zupiriak adierazi duenez, Euskadi Literatura sariek "gure literaturaren uztarik interesgarriena" saritzen dute. "Gure sortzaileen lana aintzatetsi nahi dugu, haien lana aitortu, eta idazten jarraitzera animatu. Egileei eta haien lanei ikusgarritasun handiagoa ematea ere bilatzen dugu. Eta, azkenik, irakurzaletasuna sustatzea ere badago helburuen artean. Herritarrengan istorio berriak irakurtzeko gogoa piztea, gure sortzaileek eskaintzen dizkiguten istorio horiek", adierazi du.
Bada, Lourdes Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek osatutako Euskarazko Literaturako epaimahaiak Uxue Apaolazaren 'Bihurguneko nasa' libururi eman dio Euskarazko Literaturako Euskadi Saria. 18.000 euroko saria da, eta beste 4.000 euro gehituko zaizkio lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaiaren iritziz, idazle hernaniarraren lanak "identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du. Atseginez irakurtzen den prosa gihartsuan idatzia dago, eta elaborazio literario zehatzak nolabaiteko gordintasuna ere ematen dio, soberako azalpen eta luzamendu oroz soildurik. Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera da, hiri handiko herrestaren dinamika bizian -ustekabean- irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du detaileen tolesduretan sakontzen".
Bestalde, Manuel Lopezek, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Ziortza Onaindiak eta Patxi Zubizarretak osatutako epaimahaiak Leire Bilbaoren 'Barruko hotsak' lanari eman dio Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Euskadi Saria. 18.000 euroko saria da, gehi beste 4.000 euro lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaiaren arabera, "forma aldetik, poesia bisuala dela, kaligramaren generoa berritzen duena, errimaz eta erritmoz betea. Liburuko testuaren, tipografia jolasen eta irudien ustekabeko uztarketek eragiten duten txundidurak askotariko irakurketak egiteko aukera eskaintzen duena".
'Barruko hotsak' "belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko moduko liburua" dela gaineratu dute, "jolastia eta umore finez josia". Orobat, liburuaren konposizio, maketazio eta ilustrazio lan "bikaina" nabarmendu dute. Hain zuzen ere, aurten Literatura Lanaren Ilustrazioaren Euskadi Literatura saria jasoko duen Maite Mutuberriarenak dira Leire Bilbaoren liburua osotzen duten ilustrazioak.
Leire Bilbao ondarrutarrak bigarrenez irabazi du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria, Pamiela argitaletxearekin kaleratutako 'Xomorropoemak eta beste piztia batzuk' lanarekin ere irabazi baitzuen 2017an. Maite Mutuberriarena izan zen orduan ere liburuaren ilustrazioa lana.
LITERATUR LANAREN ILUSTRAZIOA
Azkenik, Maite Mutuberria eltzaburuarrak 'Irrimola' liburuagatik jasoko du aurtengo Literatur Lanaren Ilustrazioaren kategoriako Euskadi Literatura saria. 18.000 euroko saria da, eta beste 4.000 euro lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaiarentzat, Mutuberriaren lanak "album ilustratuaren kontzeptua beste dimentsio batera eramaten du, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen".
Javier de Isusik, Maria Altunak, Jon Mantzisidorrek, Yolanda Mosquerak eta Miren Asiaienek osatutako epaimahaiaren arabera, saritutako lanean, "ilustrazioen atzean landutako kontzeptu bat dago, baliabide grafikoen erabilera egokiarekin batera, irakurtzeko geruza eta modu desberdinak indartzen dituena".
"Gainera, irudien plangintzak zirkuluaren geometriaren errepikapena baliatzen du beste erreferentzia batzuk gogora ekarriz, hala nola planisferioa edo zootropoak, eta haien irakurketa eta berrirakurketa beti bestelako plazer bihurtzen du, liburua lan agortezin bihurtzen duena", gaineratu du.
Donostiako Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan egingo da sariak banatzeko ekitaldia, azaroaren 24an. Guztira, zazpi sari banatuko dira, eta datorren astean iragarriko dira falta diren gainontzeko laurak: Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz.