BILBO, 18 (EUROPA PRESS)
UZEIk 2017an albiste izan diren 20 termino eta esamolde hautatu eta bildu ditu. Horien artean, lehendik ezagunak izan arren aurten protagonismo nabarmena izan duten kontzeptu ezagun batzuk ere jaso ditu. Zerrenda osoa hemen irakur daiteke: http://www.uzei.eus/aurtengoak-utzi-dizkigun-20-hitz-berri-eta-zahar
Laugarren urtea da UZEIk horrelako bilketa lana egiten duena. Iaz ere, 2016ak utzi zituen hitz berri-antzeko batzuk bildu zituen. Haien artean zegoen, esaterako, "egia-oste": Donald Trump AEBetako presidente hautetsi izanak eta beste hainbat gertakarik hizpide bihurtu zuten iaz hitz hori komunikabideetan, eta Oxford hiztegiek ere urteko hitz hautatu zuten.
Aurten ere, Donald Trumpekin lotura zuzena duen hitz bat edo beste agertzen da UZEIren zerrendan, baita Kataluniako gertakari politikoen inguruan inoiz baino gehiago erabili diren beste batzuk ere, UZEIk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Hiztegiak, zuzentzaile automatikoa eta bestelako baliabideak eguneratzeko eta osatzeko, egunez egun arakatzen ditu UZEIk komunikabideek erabiltzen duten lexikoa. Neurri handi batean, lan horren emaitza da urtero argitaratzen duen zerrenda hau.
Sare sozialetan hizpide izaten diren hitzen jarraipena egiten ere ahalegintzen da. Horren adibide dira aurtengo hitz sortan jasotako hitz berriak; batzuk, "arzalpen" bezala (mansplaining-en ordaina), erabiltzaileek beraiek proposatutakoak.
2017ko hitzen zerrenda bere webgunean jarri du UZEIk (uzei.eus). Guztira, 20 hitz edo kontzeptu dira, urtean zehar jaso diren hurrenkera berean jarriak, alegia, kronologikoki antolatuak: http://www.uzei.eus/aurtengoak-utzi-dizkigun-20-hitz-berri-eta-zahar
UZEItik azaldu dute hautapenak ez duela zorrotza izateko asmorik. Urtean zehar ikusitako eta entzundako hainbat albiste eta gertakari oroitzen laguntzea eta, gehienez ere, lexikoak eguneroko jardunean duen garrantzia gogora ekartzea du helburu bakarra.