BILBO 17 Abr. (EUROPA PRESS) -
Tokikom euskarazko toki komunikabideen bateraguneak instalazio artxibo berria argitaratu du Elhuyarrekin elkarlanean, Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa eta hitz zatikatzailea Adobe InDesign 2021 diseinu grafikoko programarekin erabili ahal izateko.
Elhuyarrek eta IXA taldeak garatutako Xuxen zuzentzaile ortografikoaren 5.1 bertsioan oinarritzen da software berria, eta zuzenketa ortografikoak zein hitz zatiketa egiteko software libreko Hunspell sistema erabiltzen du. Adobe InDesign programaren azken bertsioarekin erabil daiteke, 2021 bertsioarekin, alegia, baita macOS sistema eragilearekin ere.
Tokikomek jakinarazi duenez, instalatzailea dohainik deskarga daiteke bere webgunetik. Bertan, aipatutako bertsio berriaz gain, Xuxen zuzentzailea eta hitz zatikatzailea Adobe InDesign CS6, CC2017, C2018, CC 2019 eta 2020 bertsioekin instalatzeko artxiboak ere aurki daitezke.
Euskarazko toki komunikabideen bateraguneak 2018an ekin zion bere bazkideen paperezko aldizkariak sortzeko tresnak estandarizatzeari, eta haren ondorioz sortu zen InDesign programarako euskarazko zuzentzaile eta zatikatzailea eskuratzeko beharra.
Elhuyarrekin elkarlanean, eta islandierazko bertsioaren erabiltzaileek izandako esperientziatik abiatuta, Tokikomek barne kontsumorako tresna txiki baina erabilgarria garatu, eta euskal komunitate osoaren eskura jarri.
Hala, 2019ko abendutik, Xuxen InDesign programaren bertsio ezberdinekin erabiltzeko instalatzaileak 380 aldiz deskargatu dira, 312 enpresa eta norbanakoen ordenagailuetara. Erabiltzaile horien artean aurki daitezke komunikabideak, diseinu eta komunikazio agentziak, argitaletxe txiki zein handiak, unibertsitateak, erakunde publikoak, museoak eta unibertsitateak.
Tokikomeko Komunikazio eta IKT zuzendari Joxe Rojasek azaldu duenez,
"urtea hasi zenetik, etengabe jaso ditugu InDesign 2021 bertsioaren inguruko galderak. Argi dago halako tresnen behar handia dagoela, eta tira, hortxe gure ekarpena. Guretzat poz handia da berez barne kontsumorako sortutako tresnatxo honek euskarazko argitalpenak sortzen dihardutenen lana erraztea".