BILBO, 27 (EUROPA PRESS)
Yeray Alvarez Athletic taldeko jokalariari "inolako gorabeherarik gabe" ebakuntza egin diote astearte honetan Gurutzetako ospitalean, eta asteazkenean senda agiria jasoko du, talde zurigorriak jakinarazi duenez.
Hain zuzen ere, talde bilbotarreko defentsari orkiektomia bat egin diote Barakaldoko ospitalean, hau da, mindutako barrabila erauzi diote, eta prozesuan ez da "inolako gorabeherarik" izan.
"Jokalaria 24 orduz erietxean egongo da eta, bilakaeraren arabera, abenduaren 28an, goizez, sendagilearen agiria emango diote", Athleticeko Zerbitzu Medikoek jakinarazi dutenez.
Josu Urrutia Athletic taldeko presidenteak joan den ostiralean jakinarazi zuen Yeray Alvarez 21 urteko jokalariak barrabiletako batean tumore bat zuela.
Yeray Lezaman hazitako jokalaria da. Haurren, Kadeteen eta Gazteen taldeetatik igaro zen Baskoniara heldu aurretik. Handik Bilbao Athleticera egin zuen jauzi, 2014/15 denboraldian, eta, azkenik, denboraldi honetan lehen taldean egin du debuta. Orain arte, Ligako hamar partida, Kopako bat eta Europa Leagueko sei jokatu ditu.