Zea Mays omenduz hasi da Bilboko Udala Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen

Zea Mays eta Juan Mari Aburto
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 2 diciembre 2025 14:29

BILBO 2 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldiei ekin die astearte honetan, besteak beste, udaletxean Zea Mays talde bilbotarra omenduz eta, horrela, musikaren bidez euskarari egiten dion ekarpena aitortuz.

Aiora Renteria abeslaria, Iñaki Imaz gitarrista, Ruben Gonzalez baxu jotzailea eta Asier Basabe bateria jotzailea izan dira Arabiar aretoan egindako ekitaldian, Juan Mari Aburto alkatearekin, Eider Inunciaga Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotziarekin eta udalbatzako ordezkariekin batera.

Gainera, omenaldia jaso ondoren, Bilboko Txistularien Udal Bandak Zea Mays taldearen hainbat abesti interpretatu ditu bertan.

Jardunaldiko beste protagonista bat Jon Kortazar idazleak egin eta Bilboko Udalak argitaratu duen 'Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea' liburua izan da, Bilboko poetaren heriotzaren 50. urteurrenarekin bat etorriz.

Kortazar bera ektialdian izan da, eta adierazi du lanak Gabriel Arestirengana hurbiltzen duela lehen poemetatik azken poemetara, bere garaiko historia bere eskutik zeharkatuz.

Halaber, 'Udalarekin Euskaraz' kanpaina aurkeztu da ekitaldian, jada hiri osoko hainbat euskarritan ikusgai dagoena. Kanpainaren xedea da bilbotarrak animatzea udaletxera eta udal zerbitzuetara doazenean erabiltzen duten lehen hitza euskaraz izan dadin, eta horren garrantzia azpimarratzen du.

Horrela, Bilboko Udalak herritarrei jakinarazi nahi die hizkuntza eskubide batzuk dauzkatela eta euskaraz erantzun diezaiekeela, baina, eskubide horien erabilera administrazio eremura hedatzeko, bilbotarren laguntza behar duela.

EUDEL

Azkenik, Bilboko Udalak bat egin du aurten ere Eudel uskadiko Udalen Elkarteak 'Euskara zugan, nigan, gugan' lelopean proposatutako Euskararen Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin.

Aburtok gogorarazi du Europar Batasuneko biztanleen %10ek eskualdeetako, eremu urriko edo desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntzaren bat hitz egiten duela, eta politika publikoak "funtsezkoak" direla hizkuntzek bizirik irauteko eta aurrera egiten dutela bermatzeko.

"Horregatik da garrantzitsua arreta jartzea eta atzerriko arreta erakartzea euskaran, gure altxorrik handiena baita", adierazi du.

Bilboko Udala babes horrekin "konprometituta" dagoela ziurtatu du, eta erantzukizun horri "hainbat modutan" egiten diola aurre, hala nola "plan eta programak abiatuz, pertsona eta kolektiboei laguntza ekonomikoak bideratuz eta gizarte mailan herritarrak sentsibilizatzeko eta motibatzeko sortzen diren ekimenekin bat eginez, hala nola Euskararen Nazioarteko Egunarekin".

Contenido patrocinado