BILBO 1 Oct. (EUROPA PRESS) -
URA Uraren Euskal Agentziak Galdakaoko (Bizkai) Lekubaso urtegian zebra muskuilu larbak daudela baieztatu du irailean, aldizka egiten dituen laginketetan. Datozen egunetan URA eta Lekubaso urtegiko uraren kudeaketan zeresanik duten gainontzeko erakundeak bilduko dira, egoera zein den aztertu eta egin beharreko ekintzak adoste aldera. Horien guztien xedea espezie inbaditzaile ezagunaren hedapenaren abiadura moteltzea izango da.
URAk jakinarazi duenez, hartu beharreko neurri horiek guztiak zeresanik duten eragile ororekin zehaztu eta adostuko dira -urtegian emakidak dituztenekin edo arrantzale elkarteekin, besteak beste- datozen asteetan eta herritarrei jakinaraziko zaie.
2006. urtean zebra muskuilua Euskadiko uretan agertu zenetik, URAk aldizkako laginketak abiarazi zituen. Azken laginketaren emaitzen arabera, Galdakaoko Lekubaso urtegia zebra muskuiluaren presentzia duten tokiei gehitu zaie: Ebro ibaia, Arratia Ibaia, Ibaizabal ibaia - Arratia ibaia Ibaizabal ibaiarekin bat egiten duen puntutik uretan behera-, Nerbioi ibaia -Arrigorriagatik uretan behera-, eta Uribarri-Ganboa, Undurraga, Urrunaga, Mendikosolo, Gorostiza eta, orain, Lekubaso urtegiak.
"Agerikoa da azken urteotan espezie inbaditzaile honen zabalkunde abiadura azkartu egin dela, eta kolonizatutako kokagune berrien berri maiz entzuten ari garela", azaldu dute URA agentziako arduradunek.
NEURRIAK
EAEn zebra muskuilua atzeman zenetik, eskumenak dituzten erakundeek osaturiko jarraipen eta koordinazio batzordea osatu zen, eta orain ere, Lekubason eginiko laginketen emaitzen berri eman zaio. Horren barruan hainbat jarduera proposatu, koordinatu eta burutzen dituzte espezie horrek izan dezakeen eragina murrizteko, hala nola populazio berriak goiz topatzeko lanak; aleak deuseztatzea, hori egin ahal izan denean; araudiak egokitzea eta betetzen direla zaintzea; dibulgazio- eta sentsibilizazio-lanak; desinfektatzeko estazioak ipintzea.
Neurri horien guztien xedea da espeziearen hedapena mugatzea edo hedapen abiadura moteltzea, espezierik duten ur masen kolonizazioa saihestu edo atzeratu aldera, ekosistemei ekarritako eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen. Halako neurririk gabe, espeziearen hedapena eta hark sortutako kalteraginak areagoak izan zitezkeen.
Ekintza hauekin espeziearen zabaltzea mugatu nahi da, haren kalte potentzialak (bai ekologikoak bai ekonomikoak) murrizte aldera. Batzordean adostutako neurriak definitzerakoan, eraginkortasun ekonomikoa eta ingurumenarentzat aproposenak izatea bilatzen da. Espeziearen zabaltzea ahalik eta gehien mugatu edota atzeratzea garrantzitsua da oso, orain kolonizatu gabeko ur masak babesteko. Lan hauek laguntzen dute espeziearen zabaltze abiadura murrizten eta zabaltzearen hedadura moteltzen.
Beste alde batetik, URAk gogorarazi du zebra muskuilua hedatzeko bide nagusia giza jarduerak direla, nabigazioa bereziki, ontzietan eta arrantza ekipoetan itsatsita gelditzen baitira larbak. "Horregatik, prebentzio neurriak areagotzea oso garrantzitsua da zebra muskuiluak okupatutako eremuetatik haratago dauden beste ur batzuetara garraiatzea saihesteko", azaldu du.