Zientzia balioan jartzen duten euskarazko 149 iragarki aurkeztu dira Euspot lehiaketara

Euspot lehiaketaren 2023ko edizioa
EUSPOT
Actualizado: jueves, 1 junio 2023 13:18

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Euspot euskarazko spot lehiaketak zientzia balioan jartzen duten 149 iragarki jaso ditu 2023ko edizioan, joan den urtean baino 54 gehiago. Aurkeztutako lanen artean, 39 iragarki 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 110 spot 18 urtetik beherakoek egin dituzte. Guztiak daude ikusgai https://euspot.eus/hemen-dituzue-149-spotak-ikusgai/ web orrian.

Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi Ikastola dira lehiaketaren antolatzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2030erako Euskadi Planaren babesarekin eta Bai Euskarari Elkartearen eta Music Libraryren laguntzarekin.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurtengo gaia 'Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut!' izan da. 30 segundoko iragarki bat sortu behar zen bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko, gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko eta munduaren eraldaketan aktiboki parte hartzeko.

STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) gaiak gazteengana hurbildu eta balioetsi nahi izan dira, eta STEAM eduki eta lanbideen interes eta ezagutza maila handitu, haien garapen profesionala eta etorkizuneko gizartearen eraikuntzan duten parte hartzea errazteko. Sormena eta ikasteko grina bultzatu nahi izan dira, pentsamendu zientifikoa sustatuz.

Bada, aurten ere Euskal Herriko txoko askotan landu dira aurkeztutako 149 iragarkiak, hala nola Ataun, Ordizia, Beasain, Alegria-Dulantzi, Gasteiz, Legazpi, Arrasate, Donostia, Bilbo, Iruña, Azpeitia, Zestoa, Hernani, Lazkao, Legutio, Bergara, Orio, Zarautz, Elorrio, Oiartzun, Berriz, Idiazabal, Bermeo, Sopela, Ajangiz, Eskoriatza, Aretxabaleta, Ondarru, Zamudio, Berriatua edo Derion.

Publikoaren boto gehien dituen lanak 500 euro jasoko ditu, eta botoa emateko aukera egongo da ostiraletik datorren astelehenera, ekainaren 2tik 5era. Botoa emateko https://euspot.eus/hemen-dituzue-149-spotak-ikusgai/ web orrira jo behar da.

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 15ean egingo da, Aretxabaletako Arkupen. 3.000 euro baino gehiago banatuko sei sarita: spotik onena (1.000 euro), publikoaren saria (500 euro), gazteen saria (500 euro),musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro), Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Azkenik, aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formakuntza saioak eskaini ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, iragarki egileen harrobia indartzeko asmoz, eta 500 parte hartzaile izan dira. Saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan 4.000 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak Euskal Herriko hezkuntza zentro ezberdinetan.