BILBO 4 May. (EUROPA PRESS) -
Zinebi 52 jaialdian programaturiko zine dokumental, fikziozko eta animaziozkoaren erakusketa eskaintzen duen Zinebiklub 11 egitarauak bere programazioari berrekingo dio bihar. Maiatzean eta ekainean, gaztelaniaz egin ez den zinemak beteko ditu saio gehienak, baina Euskal Herrian eta Espainian egindako lan garrantzitsuenez gozatzeko aukera ere izango da, lehiaketatik kanpoko "Euskal eta espainiar zinearen informagarriak" izeneko atalean.
Maiatzeko eta ekaineko ostegunetan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Abandoko udaltegiak 70-80 minutuko saioetan bildutako film laburren aukeraketa bat eskainiko du (dokumentalak, fikziozkoak eta animaziozkoak). Programazioaren barruan, Europako eta Amerikako lanen katalogo zabala sartzen da, eta baita Israeletik edo Errusiatik etorritako zenbait lan ere. Herrialde horietako lanak oso gutxitan ikusten dira hemengo erakusketa aretoetan.
Bilboko Udaletik adierazi dutenez, aukeratu diren lanen artean, Zinebi 2010eko Sari Nagusia irabazi zuen "Norït Krupi" Letoniako animaziozko lan berezi eta dibertigarria nabarmentzen da. Film hori goizeko saiorako aurreikusitako programazioan eskainiko da. Lan horrek Animazioko Urrezko Mikeldi saria ere lortu zuen.
Horrez gain, Zinebiklubek beste hiru saio antolatu ditu, estilo anitzeko euskal eta espainiar 20 bat film laburrekin. Film horiek, lehiaketatik kanpoko "Euskal eta espainiar zinearen informagarriak" izeneko zinemaldiko atalean eskaini ziren. Sail horrek 2010eko produkzio lanen arteko azpimarragarriena biltzea eta erakustea du helburu.
Zinebikluben ikusi ahal izango diren lanen artean, Zinebiko azken edizioan Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak Euskal Gidoirik Onenari emandako saria jaso zuen Egoi Markaidaren "Arditan" dokumentala dago. Halaber, Juan Jose Suracek egindako "La confesión de Saduj" animaziozko film laburra ere izango da ikusgai. Horrez gain, Niko Vazquez egile euskaldunaren "Delirium Tremens" edo Ramiro Ledo galiziarraren "O proceso de Artaud" dokumental esperimentala ere ikusi ahal izango dira.
Azken eguna (ekainaren 16a), euren jarduera Bilbon eta inguruetan burutzen duten zine-eskolek egindako lana erakustera bideratuko da. Horrela, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien eta Arte Ederren fakultateetako, IMVAL ikasketa zentroko eta Erandio-Tartangako Goi Lanbide Eskolako ikasleek egindako 16 film labur erakutsiko dira.
HELBURUAK
Zinebiklub egitarauak hainbat helburu ditu, eta horietako lehena Bilbok duen zinema-eskaintza osatzea da, pantailetan oso ohikoa ez den ikus-entzunezko produkzio motaren programazio egonkorraren bitartez, film laburrak eskainiz (fikzioa, marrazki bizidunak, dokumentalak, esperimentalak eta abar). Lan horiek, egile berrientzat, eskola eta ezagun egiteko eta jauzia emateko gune dira.
Beste alde batetik, egitasmoak etengabeko jarduera eskaintzen dio Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ikus-entzunezkoen alorrean prestatzen duen programazioari eta, horrez gain, Zinebi Bilboko Zine Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiari proiekzio handiagoa ematen dio hirian, jaialdia bera ospatzen den egunetatik kanpo.
Horrela ba, maiatzean eta ekainean, Zinebiklub Barrainkuako Udaltegian burutuko da, Dolby soinua izango duen aretoan, ostegun guztietan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, sarrera doakoa izanik (aretoa bete arte). Ordutegiei eta programazioari buruzko informazio guztia Bilboko Udaleko (www.bilbao.net) eta Zinebiko (www.zinebi.com) web guneetan edo 010 telefono zenbakian jaso daiteke.