Zinema Euskaraz programak 'Tom eta Jerry' estreinatuko du ostiral honetan 13 zinema aretotan

'Tom Eta Jerry' Filmaren Kartela.
ZINEUSKADI
Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 26 marzo 2021 11:00

BILBO 26 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 13 zinema aretok 'Tom eta Jerry' filma estreinatuko dute ostiral honetan, martxoaren 26an, Zinema Euskaraz programaren barruan. Tim Story estatubatuarrak zuzendutako filma marrazki bizidun klasikoetako pertsonaia nagusietan oinarrituta dago eta irudi erreala eta animazioa nahasten ditu.

Zineuskadi elkarteak jakinarazi duenez, 'Elfkinak' eta 'Kranston ikastetxea: munstroen eskola' filmak estreinatu ondoren, 'Tom eta Jerry' izango da Zinema Euskaraz programak 2021ean eskainiko duen hirugarren estreinaldia. Horrela, Zineuskadik jarraipena emango dio euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoari, batik bat covid-19ak eragindako egungo egoeraren ondorioei aurre egiten laguntzeko.

Egitasmo honi esker, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. "Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz", adierazi dute.

'Tom eta Jerry' hurrengo zinema areto hauetan ikusi ahal izango da: Antiguo Berri Zinema (Donostia), Zugaza (Durango), Getxo, Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Golem Alhondiga (Bilbo), Usurbe (Beasain), Modelo Antzokia (Zarautz), Bastero Kulturgunea (Andoain), Gurea Antzokia (Amasa-Villabona), Oñati, Zelai Aristi Aretoa (Zumarraga)
eta Areria Aretoa (Lazkao).

Era berean, Zineuskadik iragarri du datozen hilabeteetan publiko zabalari zuzendutako hainbat film izango direla ikusgai, hala nola 'Sablehortz kapitaina' (apirilak 30), 'Maya Erlea, urresko esfera' (maiatza) eta 'Space Jam' (ekaina).

Contenido patrocinado