Zinexit zikloak indarkeria mota ezberdinez eta horien ondorioak gainditzeaz gogoeta egingo du Bilbon

Actualizado: viernes, 10 octubre 2014 14:11

BILBO, 10 Oct. (EUROPA PRESS) -

Zinexit zikloaren bosgarren edizioak indarkeria mota desberdinez eta horien ondorioak gainditzeko moduez gogoeta egitera gonbidatu du urriaren 13tik 16ra bitartean Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatutako ziklo honen barruan, bost film eskainiko dira AlhondigaBilbaoko Golem zinema aretoetan. Saioetarako sarrera doakoa eta librea izango da, lekuak bete arte.

Antolatzaileek adierazi dutenez, Donostiako gotzain izan zen Juan Mari Uriarteren liburu batean oinarritu eta indarkeriaren euskal biktimen testigantza berriak biltzen dituen "Reconciliación" dokumentalaren erabateko estreinaldia eskainiko du zikloak, urriaren 13an.

Halaber, aurtengo edizioan ikusiko diren filmen artean daude "Lasa eta Zabala", Donostia Zinemaldian estreinatuta; "Circles", Balkanetako gerra gogora ekarri eta Sundance Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuena; eta "Light fly, fly high", emakumearen Indiako kasta sistemako egoera salatzen duen filma, 2013an Amsterdameko IDFA jaialdiko Oxfam Saria irabazi zuena.

Gainera, lehenengo aldiz, Zinexit zikloak haurrei zuzendutako saio bat antolatu du, 6 eta 10 urte arteko neska-mutilek "Tormeseko itsumutila" klasikoaren marrazki bizidunetako bertsioaz gozatu eta haurren eskubideen esparrua lantzeko aukera izan dezaten, bereziki hezkuntza eskubideari dagokionez.

Aurten, zikloak Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Saileko Bosa! aniztasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako programak aukeratutako sei film labur ere eskainiko ditu.

Saio bakoitzean, filmen ondoren, zuzendariek, antzezleek, biktimek, kazetariek eta giza eskubideen aldeko erakundeetako kideek jendeari irekitako solasaldietan parte hartuko dute.