Aranzadiren XXIII. Astronomia Jardunaldiak "Mars One" proiektua izango dute hizpide Donostian

Mars One proiektua hizpide Aranzadiren jardunaldietan
Foto: MARS ONE
Actualizado: jueves, 16 octubre 2014 13:18
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

   Aranzadi Zientzia Elkarteak XXIII. Astronomia Jardunaldiak egingo ditu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean urriaren 21ean eta 22an, eta "Mars One" proiektua izango du mintzagai, besteak beste. Horrela, enpresa pribatuek espazioaren zientzien garapenean eta tekniketan duten garrantziaz hitz egingo dute parte hartzaileek.

   Zehazki, antolakuntzak jakinarazi duenez, urriaren 21ean, Mars One proiekturako hautagaietako bat den José Vicente Díaz astrofisiko valentziarraren solasaldia izango da, eta urriaren 22an, aldiz, instrumentazio astronomikorako euskal berrikuntzari buruzko mahai ingurua izango da.

   Gizakia Ilargira heldu zenetik 45 urte igaro dira jada, eta hainbat misio errepikatu diren arren, gizakia ez da fisikoki iritsi beste astroetara. Gizakiaren mugetatik haratago joateko hurrengo pausoa Marte bisitatzea litzateke.

   Agentzia espazial publikoek erronka hau gainditzeko epea 2030eko hamarkadan finkatu dute, baina Mars One fundazio pribatuak bost urte lehenago burutu nahi du, 2025ean, hain zuzen ere. "Ibilbide harrigarria eta itzulerarik gabekoa da", eta bidaiatzeko prest dauden pertsonak hautatzeko prozesua abian da, azaldu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko arduradunek.

   Horri buruz azalpenak emateko José Vicente Díaz Martínez astrofisiko valentziarra izango da jardunaldietan urriaren 21ean, bera baita planeta gorrira bidaiatzeko hautagaietako bat. Bigarren fasea gainditu du, mundu mailan 700 hautatuetako bat delarik. "Mars One" ekimena zertan datzan, bere etapak eta helburuak, eta planeten arteko bidaiaren zailtasun teknologiko, fisiko eta psikologikoei buruz arituko da Díaz Martínez.

MAHAI INGURUA

   Bestalde, urriaren 22an instrumentazio astronomikorako euskal berrikuntzari buruzko mahai ingurua izango da. Kanarietako Astrofisika Institutuarekin kolaboratzen duen Elgoibarko AVS enpresako Xabier Arrillaga izango da parte hartzaileetako bat, IDOM enpresako Gaizka Murgarekin batera, AEBetan Astronomiarako Ikerkuntzak gauzatzeko Unibertsitateen Elkartearekin kolaboratzen duena. Jardunaldiaren gaia instrumentazio astronomikorako euskal berrikuntza izango da.

   Bertan, MOS astronomiarako erresoluzio handiko multiobjektu espektrografoak zer diren azalduko du Xabier Arrillagak, eta DIKST teleskopioaren DOMO proiektuko zuzendaria eta IDOM-en Astronomia Proiektuen arduraduna den Gaizka Murgak, berriz, Mauin (Hawaii, AEB) eraikitzen ari diren DIKST munduko eguzki-teleskopiorik handiena aurkeztuko du.