Artium museoaren "esperientzia hobetu eta aberasteko" gailu mugikorretarako aplikazioa

Artium museoa
ARTIUM
Actualizado: viernes, 19 mayo 2017 13:17

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

Artium Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak eta Deusto Sistemas arabar enpresa teknologikoak bisitariek museoan duten "esperientzia hobetu eta aberasteko" gailu mugikorretarako aplikazio bat sortu eta kaleratu dute. Aplikazioak Batto sistema darabil, Deusto Sistemas enpresak garatua, eta horren bidez erabiltzaileari abisuak iristen zaizkio toki eta gauza jakin batzuetara hurbiltzen denean.

Aplikazioa doakoa da, IOS eta Android plataformentzat eskuragarri dago eta asteburu honetan estreinatuko da, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta. Artium Fundazioak eta Deusto Sistemas enpresak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute duela gutxi, eta horren bidez, teknologia enpresa Artium Fundazioaren Erakunde Lankide bihurtu da. Gainera, museoaren sareko komunikazio sistemak hobetzen lagunduko du.

Modu honetan, Artium museora iristean, bisitariek Artium-Batto doako aplikazioa deskargatu ahal izango dute. Horretarako museoaren wifi erabili ahal izango dute eta, nahi izanez gero, baita museoaren txartel leihatilan ikusteko moduan dagoen QR kodea eskaneatu ere. Deskarga egin ondoren, abiaraztean, Batto aplikazioak bluetooth eta gailuaren kokapen geografikoan sartzea eskatuko du. Bi baldintza horiek beharrezkoak dira ongi funtzionatzeko.

Aplikazioa zabalik daukala, bisitariak abisuak jaso ahal izango ditu. Plataformak eskaintzen dituen aukera ugarien artean, "bisitariaren esperientzia aberastea" aukeratu du Artiumek, museoaren barruko eta kanpoko hainbat tokitan barrena eginaraziko duen ibilbide jostagarri baten bidez. Dozena erdi bat igarkizunen bidez, une honetan Artiumen modu iraunkorrean eta aldi baterako erakusketetan ikusgai dauden artelanen sekretuetako batzuk ezagutu ahal izango dituzte bisitariek.