Bertsolari Txapelketa Nagusia, lehen aldiz aldi berean euskararen zazpi lurraldeetan

Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 aurkeztu dute
BERTSOZALE ELKARTEA
Actualizado: martes, 12 septiembre 2017 14:27

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Bertsolari Txapelketa Nagusiak Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldo izango ditu helmuga irailaren 23tik abenduaren 17ra bitartean. Hala, lehen aldiz aldi berean izango da txapelketa euskararen zazpi lurraldeetan.

"Modu batera edo bestera bertsolaritza presente dago guztietan eta horren isla da aurtengo Txapelketa Nagusia", azaldu du Jokin Castaños Bertsolari Txapelketa Nagusiko talde antolatzaileko kideak astearte honetan Bilbon egindako agerraldian. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak gaineratu du "errealitate baten isla" dela, "bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan".

Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan egin du Bertsozale Elkarteak txapelketa aurkezteko prentsaurrekoa. Bertan parte hartu dute, Castaños eta Muruarekin batera, lurraldeetako bertsozale elkarteetako lehendakariek: Alaitz Rekondo, Asier Ibaibarriaga, Ekaitz Elorriaga, Saroi Jauregi eta Xumai Murua, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bertsularien Lagunak -Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa- elkarteetako lehendakariek, hurrenez hurren.

Rekondok agerraldiaren hasieran gogorarazi duenez, "bere ikusgarritasunean Txapelketa Nagusia ez da lau urtean behin egiten den ekimen isolatu bat; urte luzez eta egunez egun Euskal Herriko herrialde guzietan bertsolaritza bultzatzen ari garen hainbat eragileren lanaren ondorioa da". Hala, hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzeko abian den egitasmoa, bertso eskolak, ikerkuntza proiektuak, Xenpelar Dokumentazio Zentroa zein bertsolaritzaren hedapenerako bideak mahai gaineratu ditu Rekondok.

Txapelketaren inguruko xehetasunei dagokienez, Castañosek azaldu du Unai Iturriagak ez duela izena eman eta finalista denez ez duela ordezkorik izango. Era berean, Iñaki Gurrutxagak ere uko egin dio parte hartzeko aukerari eta Felix Zubiak abestuko du bere ordez.

Final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak. Finalaurrekoak bi fasetan jokatuko dira eta bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariak pasako dira finalera. Finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiak eta Amets Arzallus egungo txapelduna izango dira Barakaldoko finalean.

Saioak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira, finala izan ezik. Halere, saioa izango den herrietan bestelako ekitaldiak antolatu dira "herria bera bertsolaritzaz girotzeko", besteak beste, Segurako final laurdenarekin batera egingo da Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna irailaren 30ean.

SARRERAK

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian salgai daude. Final laurdenetako sarrerak denontzat daude jada eskuragai eta finalaurrekoak eta finalekoak bazkideentzat daude soilik urriaren 2ra arte. Era berean, salmenta guneak ere izango dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko. Bestalde, bazkideek lortu ahal izango dute bakarrik abonamendua.

"Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei, haien inplikazioa eta ekarpena eskertzeko modurik onena dela iruditzen baitzaigu. Izan ere, Bertsozale Elkarteko bazkideak dira gaur aurkezten dugun Bertsolari Txapelketa Nagusi honen eta Bertsozale Elkarteak aurrera eramaten dituen bestelako hamaika ekimenaren sostengurik handi, fidel eta ezinbestekoena", azaldu du Muruak.

Halaber, urtean zehar Bertsozale Elkartearen jarduera babesten duten erakundeak aipatu eta eskertu ditu Bertsozale Elkarteko lehendakariak, baita bere jarduera ezagutzera emateko bozgorailu lana egiten duten hedabide laguntzaileak ere.

Txapelketari buruzko ataria prest dago www.bertsozale.eus webgunean;
ohiko informazio praktikoaz gain, bertsogintzaren inguruko hausnarketak
bilduko dira alor ezberdineko adituen eskutik: Harkaitz Cano idazlea,
Uxue Alberdi bertsolaria edo Mateu Xuri glosadorea dira horietako
batzuk.

Azkenik, jarraipen zabala egingo zaio txapelketari www.bertsoa.eus webgunean eta Bertsozale Elkarteak ekoitzi eta ETB 1en eskaintzen den "Hitzetik Hortzera" telebista saioak txapelketarekin ekingo dio irailaren 24an ikasturte berriari; horri gehitu behar zaio kate berean astelehenetan eskainiko den "Aulki Jokoa" telebista programa.