"Bilbao Now" aplikazioak irabazi du Bilboko Udalaren 6.000 euroko CimubiSaria

Sarituak
BILBOKO UDALA
Actualizado 2017/12/27 13:39:05 CET

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak "Bilbao Now" izeneko aplikazioari eman dio 6.000 euroko CimubiSaria. Toki interesgarriak jakinarazten dituen mapa klasikoa eta iturri askotatik hartutako informazioarekin osatutako agenda uztartzen ditu aplikazioak, erabiltzailearen kokalekua kontuan hartuta. Bilbora bisitan doazenentzako aisialdiko eta kulturako proposamena izan nahi du. Eduardo Revilla bilbotarrak eta Galder Segurola abadiñoarrak asmatu dute "Bilbao Now".

Ekonomiaren garapena, lana sortzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak (IKT) turismoaren sektorean aplikatzea bultzatzeko Bilboko Udalak sustatutako lehiaketa da CimubiSaria. Asteazken honetan banatu dira sariak.

Gainera, "Knowlii" aplikazioak 2.000 euroko accesit bat jasoko du. Aplikazioak denbora errealean konektatzen ditu bertoko pertsona adituak eta aisialdiko eta kulturako beharrizan zehatzak dituzten turistak. Bertoko adituaren ezagutzaren bidez, turistari zer-nolako alternatibak dauden adierazten zaio. "Knowlii" aplikazioaren egile-taldearen arduraduna Ruben Lopez bilbotarra da, eta aurkezpenean eta sari banaketan Cristian Carreira taldekidea ere izan da.

"Bilbao Now" eta "Knowlii" aplikazioak abian eta erabilgarri daude jada Android zein iOS gailuetarako. Bilboko Udalak datu eta informazio baliagarria jasotzeko erabiliko ditu bi aplikazioak, Bilbora iristen den turistak nolakoak diren eta zer-nolako turismo premiak dituzten jakiteko.

EPAIMAHAIA

Saritutako aplikazioen erabilgarritasuna eta originaltasuna baloratu ditu epaimahaiak, kontuan hartu baita datu irekiak ere sortzen dituztela eta datu horiek balio erantsia duen informazio bihurtzen direla. Gainera, Bilboko Udalak "oso positibotzat" jo du lehiaketara 15 ekimen berri aurkeztu izana.

Lehiaketako epaimahaia lehiaketarekin lotutako zenbait elkartetako ordezkariek osatu dute: Gotzone Sagardui Alkatetza, Garapen Ekonomiko eta Gobernu Onaren zinegotzi ordezkari eta koordinatzaileak, Iñigo Robredo Cimubisa udal sozietateko Smart Datako zuzendariak, Mercedes Rodriguez Bilbao Turismoko zuzendariak, Alex Rayon Deustuko Unibertsitateko dekanorde eta Master Big Datako zuzendariak, Ricard Espelt Go App-eko koordinatzaileak, Antoni Gutierrez-Rubi apps4citizens-en bultzatzailearen ordezkariak eta Esperanza Ibañez Googleko Politiken eta Gai Publikoen senior managerrak.

Lehiaketa honek CimubiSariaren bigarren fasea osatu du. Lehenengoa "Go App Bilbao" izan zen, Bilboko Udalak Cimubisaren eta Google Españaren bidez eta apps4citizens eta Bilbao Turismoren laguntzarekin, bultzatua. Helburua da Bilbora datozen bisitariei ematen zaien zerbitzua hobetzea eta sendotzea eta, aldi berean, ekonomiaren garapena, lana sortzea eta IKTak turismoaren sektorean aplikatzea bultzatzea.