Foto: BIZKAIMEDIA
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
BILBO, 2 (EUROPA PRESS)
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren 2014. urteko edizioa martxan dago eta urriaren 12an jokatuko da lehenengo saioa, Galdakaon, saioz saio abenduaren 20an Bilbao Arena pabiloian jokatuko den finalera heldu arte.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Ione Narbaiza eta Asier Ibaibarriaga, Bizkaiko Aldundiko Kultura diputatu Miren Josune Ariztondo eta BBKren Gizarte Ekintzako Leire Aragón izan dira txapelketaren aurkezpenean, Bilbon.
Txapelketak hiru fase izango ditu: bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala. Guztira 37 bertsolarik parte hartuko dute; 30 abiatuko dira kanporaketetako bost saioetan, eta 2012ko zazpi finalista batuko zaizkie finalaurrekoetan.
Udaberrian hasi ziren Bizkaiko Txapelketan parte hartzeko sailkapen faseak, eskualdeetako txapelketak, hain zuzen. Eskualde bakoitzeko txapeldunak zuzenean sailkatu dira udazkeneko txapelketara, eta gainontzekoak, puntuazioaren arabera. Noizbait finalista izandakoak orain hasiko den kanporaketa fasean hasiko dira txapelketa jokatzen, eta 2012an finalista izan zirenak, finalaurrekoetan.
Aurtengo edizioko leloa "Josi" izango da, eta irudia, txatalez edo adabakiz osatutako oihal handia da. Bizkaiko Txapelketako mezua, aldiz, Zihara Enbeitak idatzi du.
HELBURUAK
Aurkezpenean azaldu dutenez, hainbat helbururekin jaio da 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Alde batetik, bertsogintzaren oinarrria finkatu eta garatzea da xedea: bertsolariei bertsokeran garatzeko aukera emanez, bertsozaleak erakarriz eta berriak sortuz, eta talde teknikoak hobetu eta sendotuz.
Beste alde batetik, eskualdez eskualde egiten den lana indartu eta azaleratu nahi da, eta komunitate euskaldunari eta euskal kulturgintzari ekarpena egin nahi zaio. Erdal komunitateetatik datozenei bertsolaritza ezagutaraztea ere beste lan bat izango du txapelketak.
Helburu berri bat txapelketa jendarte anitzaren isla izateko ahalegina egitea da: genero, maila sozioekonomiko, adin, ideologia eta jatorri denak islatuta egongo diren txapelketa antolatzeko ahalegina egingo du Elkarteak. Azkenik, Bertsozale Elkartearen lana jendarteratzea izango da txapelketaren beste helburuetako bat.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saioetarako sarrerak erosteko bide desberdinak daude. Alde batetik, www.bertsosarrerak.eu webgunean eskura daitezke. Hasieratik egongo dira kanporaketetako eta finaleko sarrerak salgai, eta asteek aurrera egin ahala jarriko dira finalaurrekoetakoak. Gainera, aurten saio guztietarako bonua (finala ez dago barne) erosteko aukera egongo da www.bertsosarrerak.eu webgunean bakarrik.
Beste alde batetik, saioko egunean bertan txarteldegietan ere erosi ahal izango dira sarrerak. Txarteldegiak saioa hasi baino ordu bete lehenago zabalduko dira.