EUSKADI.-Karmelo Etxenagusia ohorezko euskaltzaina eta Bilboko gotzain laguntzaile emeritua hil da

Actualizado: jueves, 6 noviembre 2008 14:03

BILBO, 6 Nov. (EUROPA PRESS) -

Karmelo Etxenagusia ohorezko euskaltzaina eta Bilboko gotzain laguntzaile emeritua hil da gaur, Bilbon, 76 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna bihar izango da, Bilboko Begoñako Basilikan, 17:00etan. Bestalde, igandean, Iurreta bere sorterrian egingo da irteera-meza, 12:00etan, Akademiako iturriek jakinarazi dutenez.

Karmelo Etxenagusia Uribe Iurretan (Bizkaia) jaio zen, 1932ko apirilaren 24an. Gordexolako (Bizkaia), Arteako (Bizkaia) eta Gasteizko seminarioetan egin zituen apaiz ikasketak. 1955ean apaiztu zen eta segidan Seminarioko irakasle izendatu zuten. Geroago Comillaseko Seminarioan ikasi zuen Eliz Zuzenbidea. Gero, Erroman Teologia eta Eliz Zuzenbidea ikasten jarraitu zuen.

Etxenagusiak gazte-gaztetandik hartu zuen hizkuntzarako zaletasuna. Ikasketak gaztelaniaz egin behar izan zituenez, bere kontura hasi zen euskara lantzen eta, Teologia ikasten ari zela, beste ikasle batzuekin batu eta euskara ikasteari ekin zioten. Berak kontatu bezala, lagunek utzitako liburuak hasi zen irakurtzen, bizkaieraz hasieran, eta gero Lizardiren "Biotz-Begietan" eta Orixeren "Euskaldunak" bezalako liburuak.

Orixeren "Urte guztiko bezperak" izan omen zen urte haietako bere lagunik onena euskara ikasteko, latinez eta euskaraz idatzita baitzegoen. Derion irakasle hasi zenean, bazegoen katedra bat euskara ikasteko eta Etxenagusiak berehala ekin zion euskara irakasteari.

Bere ikasle izandakoen artean euskal letretan oso ezagun bihurtu diren izenak aurki daitezke: Mikel Zarate, Xabier Amuriza, Gotzon Garitaonaindia, Jesus Mari Agirre, Joseba Agirreazkuenaga eta Adolfo Arejita, besteak beste.

1967. urtearen inguruan, Batxilergo ikasketa planetan euskara sartu zuten, eta Derioko Seminarioan euskara era sistematiko batez hasi ziren irakasten. Plan horren buru Etxenagusia bera izan zen.

Mikel Zaraterekin batera, Derioko Udako Euskal Ikastaroen sortzaile izan zen, 1969an. Bertan euskal literatura irakatsi zuen urte askotan. Ikastaro horietako irakaskuntzaren fruituak dira "Euskal Idazleak bizkaieraz. Antologia. Testu azterketak. Ariketak", Jon Kortazar eta Aitor Etxeberriaren laguntzaz egina, eta "Iparraldeko Euskal Idazleak. Antologia". Derioko Udako Ikastarotik sortu zen Labayru Ikastegiaren bultzatzaile handienetarikoa ere izan zen.

Bilboko elizbarrutiko idazkari izan zen, bai eta bikario nagusi ere, eta euskararen aldeko bere borondatea ere argi utzi zuen. Izan ere, lan handia egin zuen Liturgia Batzordean, Manuel Lekuona, Juan Mari Lekuona, Lino Akesolo, Joxemari Aranalde eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko beste elizgizon batzuekin batera.

Begoñako "El Refugio" komentuko mojen kapilaua ere izan da hainbat urtez. 1995eko irailaren 8an, 63 urte zituela, Bilboko gotzain laguntzaile izendatu zuten, eta zeregin horretan ibili da ordutik 2008. urtera arte, aurtengo apirilean jubilatu baita. Euskaltzaindiak 1965eko irailaren 24an izendatu zuen euskaltzain urgazle eta 1998ko apirilaren 24an, berriz, euskaltzain ohorezko.

Jasotako sariei dagokienez, Labayru Ikastegiak omenaldia eskaini zion 1989an, Derioko XX. Euskal Ikastaroaren barnean, eta 2003ko ekainean, Bilboko Liburu Azokak Urrezko Idazluma izeneko saria eman zion.