Euskal sortzaileek Mintzanet bidezko prestakuntza saioak eskainiko dizkiete Etxepare Institutuko irakurleei

Actualizado 2014/04/03 13:50:14 CET

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Etxepare Euskal Institutuaren eta Maramara taldeko Mintzanet egitasmoaren arteko lankidetzari esker, euskal egileek eta eragileek zuzeneko prestakuntza saioak eskainiko dizkiete, Euskal Herritik, Etxepare Institutuak nazioarteko unibertsitateetan dituen ikasleei. Saioak ostiral honetan, apirilaren 4an hasiko dira, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

   Etxepare Institutuak mundu osoko 35 unibertsitatetan dituen euskara eta euskal kulturako irakurlegoetan eskaintzen duen prestakuntza aberastea eta euskal kulturari buruzko ezagutza areagotzea dira egitasmoaren xede nagusiak. Egitasmoa internet bidez euskaraz mintzatzeko aukera eskaintzeko asmoz sortutako Mintzanet plataformaren bitartez gauzatuko da. Saioak grabatu egingo dituzte eta segidan sarean jarriko dituzte ikusgai.

   Edozein kultur arlotako sortzaile edo eragileekin harremanetan jartzeko aukera eskaini zaie irakurleei (irakasleei), eta Mark Kurlansky, Eider Rodriguez, Unai Elorriaga, Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia eta Karmele Jaio idazleak, Ivan Igartua eta Iñaki Martinez de Luna irakasleak eta Miren Amuriza bertsolaria izango dira lehen denboraldiko protagonistak.

   Frantzia, AEB, Polonia, Txekiar Errepublika, Katalunia, Alemania eta Italiako unibertsitateetako ikasleei eskainiko dizkiete prestakuntza saioak, eta denetariko gaiak jorratuko dituzte: euskara, hizkuntza politikak, historia, itzulpengintza, literatura, zinema edota bertsolaritza.

   Mintzanet egitasmoaren helburua euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsona orori etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua ematea da. Hori bermatzeko, euskaraz jardun nahi duten guztiek, edonon daudela ere, euskaraz nahi adina aldiz eta doan hitz egiteko aukera dute www.mintzanet.net webgunearen bidez. Maramara taldeak kudeatzen du proiektu hau eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa dauka.

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para analizar su navegación y ofrecerle un servicio más personalizado y publicidad acorde a sus intereses. Continuar navegando implica la aceptación de nuestra política de cookies -
Uso de cookies