Gipuzkoako 123 proiektuk jasoko dute Aldundiaren laguntza, Ekonomia Suspertzeko Programaren bitartez

Foru erakundeko arduradunek eman dute laguntzen berri
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 3 julio 2012 16:08

DONOSTIA, 3 Jul. (EUROPA PRESS) -

Guztira 123 proiektu izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duen Ekonomia Suspertzeko Programan diru-laguntza jasoko dutenak, eta 237 lanpostu berri sortuko dira gazte kualifikatuentzat, Diputatuen Kontseiluak astearte honetan onartu duen laguntzen dekretuaren babesean. Programa honek ia 21 milioi euroko inbertsio induzitua sortuko du, foru erakundeko arduradunek azaldu dutenez.

Aparteko izaera duen programa honen bitartez sei milioi euro banatuko dira laguntzetan; guztira 28 milioi euro ditu Aldundiak aurrekontuan jasota Gipuzkoako enpresei laguntzeko. Laguntza horietako batzuk dagoeneko abian dira (Internazionalizazioa, bizitza osorako ikaskuntza, Zientzia eta Teknologia Sarea edo IKT sektorea eta IKTak mikroenpresetan erabiltzea), eta datozen asteetan gainerakoak zabalduko dira (Ekintzailetasuna eta enpresa ekimen berriak).

Onartu diren proiektuen kopurua bat dator joan diren ekitaldietan batez beste onartu direnekin, eta Foru Aldundiak berariaz landu duen helburu bat bete da: laguntza horiek enpresa txikiek ere ezagutzea eta aprobetxatzea, ez korporazio handiek bakarrik. Hala, aurten diru-laguntza onartu zaien enpresen %80 baino gehiagok lehenbiziko aldiz jasoko dute laguntza.

Orobat, enpresen aldetik izandako erantzunak berretsi egin du Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak laguntza-lerro berriak irekitzeko egin duen ahalegina. Adibidez, deialdian "oso harrera ona" izan du IKT (Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak) esparruko produktu berrien atalak; hain zuzen ere, aurreko deialdien aldean berrikuntza bat zen atal hori.

Halaber, proiektu asko aurkeztu dira enpresen I+G (Ikerketa eta Garapena) unitateek sortutako proiektuen atalera, hain zuzen ere, aurtengo deialdian lerro propioa baitzuen enpresetako ikerketa unitateenak, Zientzia eta Teknologia Saretik bereizita. Laguntza-ildo berria da langileek enpresan duten partaidetza bultzatzeko laguntzena, eta, kasu honetan ere, enpresen aldetik "erantzun bikaina" jaso du Aldundiaren proposamen berriak.

Antolakuntzaren esparruko 18 proiektu berritzaile onartu dira; kudeaketa partekatuagoa eta kolaboratiboagoa izateko antolakuntza-sistemak jartzeko aukera emango dute proiektuok eta Gipuzkoako enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzen lagunduko dute.

Ekonomia Suspertzeko Programaren ardatzetako bat zera zen: enpresek langile kualifikatuak hartu ahal izatea, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren erronkei sendo heltzeko. Laguntza-ildo honi esker, 35 urtetik beherako 237 gazte kualifikatu -lizentziatuak edo lanbide heziketako goi mailako ziklodunak- hartuko dituzte Gipuzkoako 57 enpresatan.

PROIEKTU TRAKTOREAK

Onartu diren proiektu guztiak traktoreak dira, hau da, enpresen beren posizioa hobetzeaz gainera, enpresen ingurunean eragiten dute, Gipuzkoako ekonomian eragin biderkatzailea sortuz. Beraz, Ekonomia Suspertzeko Programak sendotu egiten ditu enpresen lehiakortasuna hobetzeko Aldundiak dagoeneko abian dituen laguntza-lerroak.

Halaber, emaitza ona izan dute eskualde eskualde laguntzak azaltzeko Martin Garitano diputatu nagusiak eta Jon Peli Uriguen Ekonomia diputatuak egin zituzten bilerak. Hala, Ekonomia Suspertzeko Programa bera eta gainerako laguntza-programak aurkezteko egin ziren bost informazio-saioetara joan ziren 520 enpresetatik, gehienek aurkeztu dituzte proiektuak Aldundiak zabaldutako laguntza-lerroren batera.

Orobat, Gipuzkoako enpresek oso ongi hartu dute eskaerak baloratzeko garaian administrazio batek lehenbiziko aldiz kontuan hartzea Berankortasun edo Morositate Legea betetzea.

Horrenbestez, Ekonomia Sustatzeko Programak sendotu egingo ditu enpresei laguntzeko Foru Aldundiak abian dituen lerroak, guztira 28 milioi eurokoak direnak. Gainera, lanabes egokia dela erakutsi du, ezagutza faltagatik edo tamaina arazoagatik lehenago laguntzarik izaten ez zuten enpresa txiki asko sartu baitira programan, gehienak hain zuzen zabaldu diren eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasunerako beharrezkoak ziren lerro berrietan (IKT, langileen partaidetza, enpresen I+G unitateak).