Hego Uribeko beste bost udalerrik bultzatuko dute 'Geuria' euskarazko herri komunikabidea

GEURIA
Actualizado: martes, 19 enero 2016 18:02

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

   'Geuria' Hego Uribeko euskarazko herri komunikabideak bere ibilbidearen lehen fasea osatu du, eta 2016an, Basaurikoaz gain, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri, Ugao-Miraballes eta Zaratamoko udalek ere bultzatuko dute, arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

   Komunikabidearen bidaia orriaren lehen fasea 2014ko irailean hasi zen. Aurreko hilabeteetan Hego Uribeko udaletako euskara teknikariekin bilera orokorrak egin ostean, eskualdeko euskara hutsezko lehen komunikazio proiektua bultzatzea begi onez ikusi zen aipatutako udalerrien aldetik.

   2014ko urrian paperezko lehen alea kaleratu eta webgunea martxan jarri zen Basauriko Udalak diruz lagunduta eta Basauriko Euskararen Aholku Batzordearen oniritziz eta babesaz. Ordutik hona, Basauriko eta Hego Uribe eskualdeko gai orokorrez gain, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri, Ugao-Miraballes eta Zaratamoko berriak ere landu ditu aldizkariak.

   Halere, lehen fasea osatutzat emateko, udalerri hauen babesa eta partaidetza ere beharrezkoa zen, eskualdeko nortasunari egonkortasuna eta iraunkortasuna emateko, eta 2016ra begira helburua lortu da herri bakoitzeko agintari eta euskara zerbitzuekin hainbat elkarrizketa izan ostean.

   Etxebarriren kasuan, euskara zinegotzi eta teknikariekin bildu ostean, borondate onenaz, udalak bere Euskara Plana eraikitzen bukatzea komeni dela adostu dute bi aldeek, Hego Uribeko komunikabideak plan horretan izango duen funtzioaren dimentsioa zehaztu aurretik.

   Lehen fase honen garapenaren ondorio gertuenak urtarrilaren 14an kaleratu den ale berrian daude ikusgai. Hilabetekaria 12 orrialde izatetik 16 izatera pasa da, inprentan erabilitako paperaren jasangarritasuna hobetu da -talde ekologistekin lankidetzan-, udalerri bakoitzak bere atal espezifikoa du eta epe ertainera begira herri bakoitzean egingo den banaketa sendotu eta hobetuko da, kalitatea kantitatearen aurrean hobetsita. Kolaboratzaileen zerrenda ere aberastu egin da, herri bakoitzeko elkarte eta norbanakoen parte hartzea sustatzeko bidean.

   Orain arte komunikabidearen indar gune izan diren ezaugarriak, aldiz, bere horretan mantenduko dira. Alde batetik, hileroko herri bilera irekiak mantenduko dira, edozein elkarte edo herritar gaiak kritikatu eta proposatu ditzan. Bileren hitzorduak webgunean ikusgai izango dira. Bestalde, orain arte bezala, aldizkariaren harpidedun izatea doakoa da, eta etxean jaso nahi duen orok nahikoa du bere datuak komunikabidera helaraztearekin.

BIGARREN FASEA

   'Geuria' hilabetekariak 2016an hasiko du bigarren fasea, hasierako ezaugarriei eutsita: Hego Uribeko eskualdean sortu den lehen euskara hutsezko komunikabidea, irekia, parte hartzailea, egonkorra eta iraunkorra, eskualdeko euskaltzaleen komunitatearen harremana estutzen duena eta euskaltzale berriak bertara biltzen dituena; kanporako komunikazio tresna moduan funtzionatzen duena (komunikabide bezala), baina baita barnerako komunikazioan erabilgarria dena ere (eskualdeko udalerrietako elkarte eta norbanakoen bateratzaile moduan).

   Filosofia horri jarraituz, azken hilabeteetan, Tokikom (Toki komunikabideen bateragunea) bitarteko eta Galdakaoko Udalaren onespenaz, jaio berria den Galdakao eta Usansoloko 'Binke!' hilabetekariaren zuzendaritzarekin bilerak egin ditu 'Geuria'-k, egitasmo bien arteko lotura eta elkarlana sustatzeko, baina momentuz ez dute akordiorik lortu eta 'Binke!'-k bere bidea egitea erabaki du.

   "'Geuria'-ren lan taldearen aldetik zorterik onena opa diogu 'Binke!'-ri, eta etorkizun laburrera begira, alde batera utzitako elkarrizketa prozesuarekin jarraitzeko erabateko prestutasuna azaldu, Hego Uribeko euskaldunek euskarazko komunikabide sendo eta iraunkor bat luzera begira bermatuta izan dezaten", azaldu dute.

   Ibilbidearen bigarren fasea 2016-2017 urteetan garatzeko asmoa du 'Geuria'-k. Fase honen oinarri eta helburuak honakoak liratezke: eskualdeko euskal komunitatearen harremanak estutzea; Hego Uribeko euskaldunon datu basea osatzen jarraitzea; banaketa gero eta gertuagoa eta aberatsagoa izatea; Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jasotzeko tramiteei ekitea eta 2016aren lehen erdialdean Tokikomekin lankidetzan hastea.