Lapurtera klasikoan idatzitako lehen euskal liburua agertu da

Lanaren azala
Foto: EHU
Actualizado: lunes, 16 febrero 2015 16:26
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

   Esteve Materrak 1617an argitaraturiko "Doctrina Christiana" lapurtera klasikoan idatzitako lehen euskal liburua aurkitu dute, azken mendeetan galduta egon eta erabat ezezaguna zen ondoren. Aziti Bihia elkarteak ale bat aurkitu du eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Letren Fakultatean aurkeztu du astelehen honetan, Gasteizen. Dagoeneko argitaratzeko edizioa prestatzen ari dira, kaleratzeko asmoz.

   "Doctrina Christiana" liburuak 1617an ikusi zuen argia, Bordelen, eta horrela eman zitzaion hasiera euskal obra klasiko garrantzitsuenetan -besteak beste, Axularren "Gero" lanean- erabiliko zen euskalki literarioari (lapurtera klasikoa), zenbait mende beranduago euskara baturako eredu izango zenari, alegia.

   Lapurtera klasikoaren lehen lan hau euskaraz inprimaturiko lehen liburuetarik ere bada, haren aurretik hauek besterik ez baitaude: Etxepareren "Linguae Vasconum Primitiae" (1545), Leizarragaren "Testamentu Berria", "Kalendrera" eta ABCa" (1571), Betolatza
arabarraren dotrina elebiduna (1596), "Refranes y Sentencias" errefrau bilduma (1596) eta Elsoren dotrina, gaur egun galdu eta ezezaguna dena.

   Aurkezpenean azaldu dutenez, Materraren lanak "harrera bikaina" izan zuen eta askotan berrargitaratu zuten, aldaketa sakonekin, ondorengo hamarkadetan. Edonola ere, zeharkako aipuen bidez lehen edizioa 1617koa zela jakin arren, haren eduki eta itxura erabat ezezagunak izan dira garai guztietako irakurle eta ikertzaileentzat.

   Manuel Larramendik XVIII. mendean lehena ez beste edizio bat izan zuen eskuartean, Julien Vinsonek XIX. mende amaieran argitaratu zuen euskal klasikoen bibliografiak dagoeneko galdutzat zituen lehen edizioaren ale guztiak, eta garai modernoagoetan, Materraren obraren inguruan egindako ikerketa guztien oinarria Oxforden gordetzen den 1623ko bigarren edizio aski moldatuaren eta zabalduaren ale bakarraren kopiak edo ondorengo edizio modernoak izan dira.

   Materre abizen frantsestuaz aipatua izan den idazle frantziskotarraren bizitzari buruz gutxi dakigu. Kontrarreformaren une gorenean eta Inkisizioaren txingarren beroan Gaskoniatik Lapurdira bidali zuten, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko helburuarekin, eta Ipar Euskal Herrian eman zituen urte gutxietan, Saran, euskaraz ikasi zuen zinez erritmo bizian, dotrina euskara bikainean eta ziztu batean idazteraino.

AZITI BIHIA

   Aziti Bihia elkartea EHUko Letren Fakultatean doktoretza tesia prestatzen ari diren hainbat hizkuntzalari eta filologo gaztek eratu zuten duela bi urte. Elkarteko kide Borja Ariztimuñok, Udane Atutxak, Dorota Krajewskak, Urtzi Reguerok, Ekaitz Santaziliak, Oxel Uribe-Etxebarriak eta Eneko Zuloagak osatzen dute proiektuan lanean diharduen taldea.

   Proiektuak EHUko bi ikerketa talderen laguntza jaso du: Joseba A. Lakarrak zuzentzen duen Monumenta Linguae Vasconum eta Joaquín Gorrochateguiren gidaritzapeko Euskararen historia eta hizkuntzalaritza historiko-konparatua ikerketa taldeena.

   Gazteok duela hilabete batzuk hasi ziren "Doctrina Christiana" lanaren 1623ko bigarren edizio kritikoa prestatzen. Ikerketak, besteak beste, Oxfordeko Bodleian Libraryn gordetzen den jatorrizko ale bakarra kontsultatzera eraman ditu ikerlariak, baita beste zenbait bibliotekatan barreiaturik dauden ondoko edizioen kopiak biltzera ere. Dorota Krajewska taldekideak aurkitu zuen, bigarren edizioan lanean zebilela, Danimarkako Errege Bibliotekan 1617ko lehen edizioaren ale bat.

   Dagoeneko aski aurreratua dute testuaren finkatze lana, ikerketa eta ondorengo edizioekiko konparaketa; gainera, orain arte Euskal Filologiaren alorrean bizirik egon diren hainbat zalantza eta eztabaida argitu ahal izateko datu baliagarriak lortu dituzte. Horietako batzuk gaur EHUko Letren Fakultatean egindako aurkezpenean argitu dituzte, eta horrekin batera, webgune bat ere abiarazi dute, besteak beste, testuen transkripzioak, oharrak eta orain arte egindako ikerketa guztia biltzen dituena, aurkitu berri duten obraren faksimileaz gain: https://sites.google.com/site/materraedizioa