Mintzola Fundazioak "Bertsoa Unibertsitatean" eskola antolatu du EHUko Udako Ikastaroen baitan

Foto: MINTZOLA FUNDAZIOA
Actualizado: martes, 15 abril 2014 18:04

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

   Mintzola Fundazioak "Bertsoa Unibertsitatea" udako ikastaroa antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Udako Ikastaroen baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Uztailaren bigarren astean emango da, Donostiako Miramar jauregian.

   Gaur aurkeztu da Amasa-Villabonan (Gipuzkoa), Mintzola Fundazioaren egoitzan, eta han izan dira Jose Luis de la Cuesta EHUko uda ikastaroen zuzendaria, Iñaki Murua Mintzola Fundazioko lehendakaria, Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria eta Karlos Aizpurua, Mintzola Fundazioko Ikerkuntza rduraduna.

   EHUko uda ikastaroen baitan antolatu da "Bertsoa Unibertsitatean" eskola. Bost urteko hitzarmena adostu dute EHUko Udako Ikastaroek eta Mintzola Fundazioak, eta horrela, aurten hasi eta datozen lau urteetan bertsolaritzari eta ahozkotasunari buruzko bost eguneko eskola prestatuko dute EHUko Udako Ikastaroek eta Mintzolak elkarlanean.

   Hitzaldi, mahai inguru eta performancek osatuko dute zikloa, eta uztailaren bigarren astean emango da, Miramar Jauregian. Eskolak bertsolaritza izango du ardatz, baina bertsolaritza ondoko esparruak ere hartuko ditu bere baitan. Horrela, alde batetik, ahozko literaturaren ekosistemako kideei egingo zaie leku (antzerkia, ipuina zein kantua), eta bestetik, kantu inprobisatuaren beste kideei, oraingoan ez bada etorkizuneko edizioetan.

   Aurtengo eskolak hiru ikastaro izango ditu bere baitan eta uztailaren 7tik 11ra egingo da. Bertsolaritza eta beste hiru esparruren arteko harremanen berri emango da hiruretan.