EUSKADI.-Ertzaintzak eta udaltzaingoek eskola-garraioa kontrolatzeko kanpaina abiatu dute

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 17 septiembre 2007 18:48

BILBO 17 Sep. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak eta udaltzaingoek eskola-garraioa egiten duten ibilgailuen zaintza eta kontrol kanpaina egingo dute gaur hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri barruko eta herriz kanpoko errepideetan. Kanpainak hilaren 30era iraungo du eta eskola-umeen garraioa zein baldintzatan egiten den eta autobusetan segurtasunerako gailuen erabilera maila zein den egiaztatzea du helburu.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, datozen bi asteetan, Ertzaintzak eta udaltzaingoek areagotu egingo dute eskola-umeak garraiatzeko baldintzen kontrola, baita ibilgailu horietan segurtasunerako gailuen erabilera ere, herri barruko errepideetan zein herriz kanpokoetan.

Zaintzarako kanpaina hau Euskadiko 2007-2010eko Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoan jasota dago, eta Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, udalek eta trafikoarekin eta errepideekin zerikusia duten beste erakunde pribatu batzuek ere parte hartzen dute.

Gaurtik aurrera, ikasturte bakoitzaren lehen hilabeteetan egin ohi denez, eskola-garraioa egiten duten autobusak ikuskatuko dituzte. Kontrolak foru aldundietako garraio alorreko ikuskariek eta Ertzaintzaren eta EAEko hiru hiriburuetako udaltzaingoen agenteek egingo dituzte.

Ertzaintzak egiten duen lehenengo azterketan ibilgailuek zerbitzua behar bezala eskaintzeko izan behar dituzten baimen eta dokumentuen azterketa administratiboa egiten da. Zeregin horretarako, foru aldundien Garraio Sailek emandako zerrendak erabiltzen dira; baldintzaren bat (aldizkako azterketa teknikoa edo azterketa berezia) betetzeke duten ibilgailuen aurrehautaketa bat egiteko aukera ematen du horrek. Errepidean bertan aurreko fasean aurkitu diren hutsuneak ikuskatzen dira lehendabizi, eta, ondoren, ibilgailuen segurtasun-baldintzak eta eskola-umeak garraiatzeko baldintzak egiaztatzen dira.

Segurtasun-baldintzei dagokienez, Ertzaintzaren agenteek arreta berezia jartzen diote ibilgailu horietan eramaten dituzten eskola-umeen kopuruari. Bukatzeko, ibilgailuaren baldintza teknikoak eta segurtasun-elementuak zein gidariarenak berarenak (gida-baimena, gidatzeko eta atseden hartzeko aldiak eta alkoholemia-proba) aztertzen dira.

Contenido patrocinado