BILBO, 7 (EUROPA PRESS)
Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen etorkizunaren aldeko ekitaldia egingo du abenduaren 27an Miribillako (Bilbo) Bilbao Arena pabiloian, eta aretoa "euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtzera" deitu du. Ekitaldiko sarrerak urriaren 16tik aurrera izango dira eskuragarri www.pizkundea.eus webgunean.
Ekitaldia aurkezteko agerraldia izan da astearte honetan Bilboko Kafe Antzokian, euskalgintzako dozenaka ordezkariren (AEK, Elkar, Euskal Herriko Ikastolak, Berria, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Elhuyar, Emun, IKA, Euskal Herrian Euskaraz, Hamaika Telebista, Bai Euskarari, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Zenbat Gara, Ireki Lei(h)oa Euskarari) eta norbanako euskaltzaleen parte hartzearekin.
Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri du adierazpena eta, gogorarazi duenez, laster beteko da urtebete Kontseilua osatzen duten euskalgintzako eragileok adierazi zutela euskara "larrialdi linguistikoan" dagoela.
Ohartarazi duenez, gainera, "larrialdian gaudela esateko arrazoiak areagotu egin dira ordutik hona", eta, beraz, "azken hamarkadetako suspertze aroa amaitu eta atzeraldiaren arriskua handia da". "Hau da, etorkizuna dago jokoan", gaineratu du.
Bere hitzetan, azken buruan, egungo egoerak "euskararen eta euskal hiztun komunitatearen minorizazio egoeraren berri" ematen du, "egiturazko arazo baten berri", hain zuzen ere.
Era berean, "azken bolada jadanik luzeko oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa" Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan euskaldun izendatutako eremuko koofizialtasuna "zalantzan" jartzen ari dela salatu du, "minorizazioa gainditzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak eraisten ari baita". "Desofizializazio prozesu batean gaude", ziurtatu du.
Azaldu duenez, "larritzeko osagai guztiak ditugu, beraz. Esan bezala, etorkizuna jokoan da. Baina gaur itxaropen mezu bat ekartzera gatoz gu hona".
Gogorarazi du iazko Euskararen Egunean Euskalgintzaren Kontseiluak esan zuela bere gain hartzen zuela "larrialdi hori indarraldi bihurtzeko ahaleginaren konpromisoa". "Horretan ari gara", gaineratu du.
Horrela, irailaren 26an, 110 eragile sozialek baino gehiagok osatutako 'Batuz Aldatu' dinamikaren ildotik euskararen gaineko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza proposatu zen. "Adostasun sozial zabalez euskarari etorkizuna emango dion hizkuntza politika baterako oinarriak proposatzeko gai izan gara. Hurrengo urratsa, hurrengo konpromisoa, adostasun hori zabaltzea da", esan du.
"EUSKALTZALETASUNAREN GIHARRA"
Bada, Idurre Eskisabelek adierazi duenez, "bide horretan ezinbestekoa da, euskara kinka larrian izan den beste momentu batzuetan bezala, berriro ere, euskaltzaletasunaren giharra indartzea".
"Izan ere, euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean pizkundea, milaka euskaltzaleren bulkada, erabaki eta ekimenetatik. Eta, batik bat, milaka euskaltzale horiek une kritikoetan elkarrekin aritzeko eta egiteko izan duten gaitasunetik. Argi dago: euskaltzaleon garaia da, biltzekoa, elkarrekin arnasa hartzekoa", azaldu du.
Horrela, abenduaren 27an Bilbao Arena "euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtzera" deitu Euskalgintzaren Kontseilua, "etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa delako guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea".
Horretarako lehen gune bihurtu nahi dute abenduaren 27ko ekitaldia, "euskarak, hizkuntza guztiek bezala, etorkizunik izango badu unibertso bat behar duelako, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat".
"Eta unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa", esan du.
Beraz, ekitaldia kultur kutsukoa izango dela aurreratu du, eta xehetasunak aurrerago aletuko badituzte ere, "musikak eta musikagileek, euskararen soinu-bandak, presentzia nabarmena izango du".
EKARPENA
Aretoak hala eskatzen duelako ezinbestekoa da bertara joan nahi duen guztiak sarrera bat izatea, eta "badaezpada lekua hartu eta gero ez joateko tentazioari nolabait aurre egiteko" 10 euroko ekarpena egin beharko da.
Ekarpenak artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzen lagunduko du, nahiz eta "garrantzitsuena egun horretan Bilbao Arena euskaltzaleon bilgune handi bat bihurtzea izango den". "Beraz, sarrera erosi eta gero joaterik ez duenak, eman diezaiola sarrera etorriko den norbaiti", gaineratu du.
Ekitaldirako sarrerak urriaren 16tik aurrera izango dira eskuragarri Pizkundea.eus webgunean.