GASTEIZ 23 (EUROPA PRESS)
Aiaraldeko Euskararen Eguna itzuliko da Laudiora (Araba) datorren larunbatean, azaroaren 28an, hamargarren urteurrena ospatzeko, eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak egun osoko egitaraua prestatu du, adin guztietako herritarrei zuzendutako askotariko jarduerekin, besteak beste, mendi buelta, hamaiketakoa, puzgarriak eta jolasak, eragileen azoka, kale animazioa, ikuskizunak, herri bazkaria, dantzaplaza eta erromeria.
Antolatzaleek jakinarazi dutenez, egitaraua 09:00etan hasiko da, Herriko plazatik abiatuko den mendi bueltarekin. Ondoren, 11:00etan, hamaiketakoa jateko aukera egongo da Herriko plazan bertan, eta, ordu berean, Kirikino Aisialdi Taldeak puzgarriak eta jolasak eskainiko ditu. Euria eginez gero, bi jarduerak udaletxean egingo dituzte.
Jarraian, 11:30ean, eragileen azokak Herriko plaza hartuko du, eta kaleak girotzeko animazioa egongo da. Eguraldi txarra eginez gero, udaletxeko arkupeetan jarriko dituzte azoka postuak.
Goizeko jardueren ostean, 13:00etan, Josune Garcia de Bikuñak 'Txoriak bezala hegan' ikuskizuna eskainiko du Erabilera Anitzeko Aretoan. Jarraian, 14:00etan, ekitaldi nagusia antolatu da Herriko plazan, eta 14:30ean, berriz, Memealdiaren eta Mikroaldiaren sariak banatuko dituzte. Euria eginez gero, bi ekitaldiak udaletxean egingo dituzte.
Herri bazkaria 15:30ean izango da, Institutuan, eta arratsaldean, 16:30ean, Txinbeta, Txorroskilo eta Borregomak 'Ministro pisto' ikuskizuna eskainiko dute Alberto plazan; euria eginez gero, Institutuko aterpean izango da emanaldia.
Ordu erdi geroago, 17:00etan, Patx'eka Konpainiak dantzaplaza gidatuko du Herriko plazan (euraldi txarra eginez gero, aldiz, Institutuan egingo dute). Era berean, 17:30ean, Katakaren egurrezko jolasak izango dira Alberto plazan (euria eginez gero, Institutuko aterpean egingo dituzte). Azkenik, 19:00etan, Iraultza Erromeriak girotuko du Aldai plaza, egun osoko ospakizunari amaiera emateko.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eskualdeko herritar guztiak gonbidatu ditu ospakizunean parte hartzera, euskararen bueltan elkartzeko, elkarrekin gozatzeko eta euskararen biziberritzearen aldeko lana indartzeko.