Aiko taldeak astelehen honetan hasiko du Dantzaldi Ibiltariaren beste edizio bat, Bilbon

Dantzaldi Ibiltaria hasiko da gaur
Foto: AIKO TALDEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 21:30

BIILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Aiko taldeak astelehen honetan ekingo dio Dantzaldi Ibiltaria ekimenaren edizio berriari, Bilboko Campos Eliseos Antzokian, eta berrikuntza bezala, eskolaren dinamika jostagarria gertutik ezagutu nahi dutenei doan joateko aukera eskainiko die urrian, tailerren lehen hilabetean. Gero, inongo konpromisorik gabe, ikastaroan matrikulatu ala ez erabaki ahal izango dute.

   Behin ikasturtea hasita, ekainera arte emango dira eskolak, astelehenero, ordu eta laurdeneko saioetan, 18:30ean edo 20:00etan hasita, mailaren arabera. Ikastaro osoaren prezioa 150 eurokoa da, eta izena emateko epea zabalik dago jadanik. Matrikulazioa www.aikotaldea.com webgunean edota 634 423 539 telefonoan egin daiteke, antolatzaileek azaldu dutenez.

   Parte hartzaile bakoitzak bere mailarekin bat datorren taldean izena emateko aukera izango du. Honela, lehenengo pausoak eman nahi dituzten zaletuek Oinarrizko Dantza Ikastaroetan (dantza tradizionalean hasteko ikastaroetan) parte har dezakete. Aikok dantza tradizionalaren errepertorio aukerak irakatsiko dizkiete ikasleei, eta dantzarekin batera, gorputz koordinazioa eta koordinazio erritmiko eta musikala hobetzeko jarduerak landuko dira, soka dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa eta abar uztartzen dituen dantza errepertorio aberatsari aplikatuta.

   Oinarrizko ezagutzak dituztenei, Aikok zaletasuna maila bereko dantzazaleekin partekatzeko aukera eskaintzen die Dantzaguneak deritzen dantza egiteko esparruetan, dantza irakasle baten gidaritzapean errepertorioa praktikatu eta aberats dezaten.

   Gainera, ikasturte berriarekin batera, Aikok tailerren osagarri gisa Durangoko Plateruena Kafe Antzokian hilean behin antolatu ohi dituen Hileko Erromeriak ere itzuliko dira, antzinako dantzaldi herrikoien jai giroa berreskuratzeko asmoz. Aurtengo ikasturtean berrikuntza garrantzitsua egongo da: ekainaren 21ean, 2013-2014 ikasturtearen amaiera ospatzeko, dantza-maratoi dibertigarria antolatuko da.

   Halaber, bokazio didaktikoari jarraiki, aurtengo ikasturtean ere, Aiko Taldeak "dibertsio trinkoko" asteburuak antolatuko ditu. Hiru hilabetez behin, dantzazale guztiek Dantza Asteburua delako hitzorduetan elkartzeko aukera izango dute larunbat arratsaldez eta igande goizez, eskolak ematen diren giro bereko jarduerez gozatzeko asmoz. Ikastaro, hitzaldi edo tailer hauek izaera espezializatuagoa izango dute, eta horietan, taldeko musika eta dantza irakasleek ez ezik, topaketa bakoitzari dagokion gaiaren eremuko gonbidatuek ere parte hartuko dute.

   Lehen Dantza Asteburua Zarautzen egingo da, azaroaren 9an eta 10ean, eta hurrengoak otsailean (15 eta 16) eta maiatzean (hilak 17 eta 18). Aikok ostatua hartzeko aukera eskaintzen die parte hartzaileei, baina nahi duenak eskola edo mintegietara joan daiteke, soilik. Ondorioz, inskripzioa 80 eta 50 euro tartekoa da.

IKASTAROAK

   Bestalde, aurreko ikasturtean, Aiko taldeak Dantzaldi Ibiltaria programaren bitartez euskal doinu eta dantza herrikoiek Bilbo eta Donostia "birkonkistatzea" lortu zuen, taldearen errepertorio aberatsa Campos Eliseos eta Victoria Eugenia antzokietako galazko eszenatokietara eramanez, eta aurten ere, ikastaro bana antolatuko dira bi agertoki paregabe horietan.

   Oraingo edizioan, gainera, Iruñeak eta Azkainek ekimenarekin bat egin dute lehen, Markina-Xemeinekin batera. Horrenbestez, aurten bederatzi dira ikastaroa egiteko aukera eskainiko duten hiri eta herriak: Bilbo, Donostia, Galdakao, Sopela, Gernika, Durango, Iruñea(Atarribia, Zizur Txikia, Txantrea), Azkaine, Markina eta Zarautz.

   Aiko taldeak Dantzaldi Ibiltariaren bitartez programatu dituen ekimenek jendarteko oihartzun zabala lortu dute. Iaz, 500 ikasle baino gehiago inskribatu ziren ikastaro desberdinetan. Gainera, Plateruenako hileko erromeriak dantzazaleen topagune bilakatu dira, eta aparteko jarduerek berealdiko arrakasta lortu dute programazioari eta parte hartzeari dagokienez. Horrek guztiak eskaintza berrantolatzera bultzatu ditu Aikoko musikari eta irakasleak hasteko zorian dagoen ikasturteari begira, eszenatoki berriak "konkistatzeko" asmoz.

Contenido patrocinado