av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
BILBO, 22 (EUROPA PRESS)
Aiko Taldeak Dantzaldi Ibiltariaren zazpigarren edizioa aurkeztu du gaur, irailaren 22an, eta aurtengo berrikuntza nagusia, unibertsitateko komunitatearenganako hurbilketa izango da, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) sinatutako akordioaren haritik.
Carmelo Garitaonandia EHUko errektoreordea, Gurutze Ezkurdia Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendaria, Gorka Martinez BBK Fundazioko zuzendaria eta Jon Aldaiturriaga Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko gerentea Aiko Taldeko arduradunekin batera izan dira denboraldi berriaren aurkezpenean.
Bilboko Bizkaia Aretoan egingo da Dantzaldi Ibiltariaren ikastaro berria urritik ekainera bitartean, eta aurreko edizioetan bezala, BBK Fundazioaren laguntza izango du. Zehazkiago, astero astelehenetan, 90na minutuko bi saio egingo dira (18:30ean hasiberrientzat eta 20:00etatik 21:30era gainerakoentzat). Interesatuta dauden guztiei irekitako ikastaro hauek Bizkaia Aretoko Chillida Aretoan egingo dira, eta unibertsitatearekin lotutako pertsonek eta 30 urtetik beherakoek prezio bereziak izango dituzte. (Orain arte, Aiko Taldeak Bilboko ikastaro hauek Campos Eliseos Antzokian ematen zituen).
Hasiberrientzat, urriko eskolak doakoak dira. Probarako aldi honen ondoren, interesatuek ikastaro osorako matrikula egin dezakete, urritik ekainera arte luzatuko baita.
Prestakuntza jarduera horien helburua dantzarekiko lehen kontaktua erraztu eta dantzaz gozatzen irakastea da, "ingurune ludiko batean gauzatutako ikasketa prozesu aurrerakoi, erraz eta argi baten bitartez, betiere dantza herrikoia gizarteratzeko prozesuan laguntzeko asmoz", aurkezpenean azaldu dutenez.
HITZARMENA
Aiko Taldeak EHUrekin sinatutako hitzarmenak dantzak, tailerrak eta entzunaldiak barne hartzen ditu, ikastaroak, ikastaldiak, mintegiak eta tailerrak bezalako jarduera pedagogiko eta dibulgatiboekin batera.
Dantzaldi Ibiltariaren Bizkaia Aretoko ikastaroekin batera, akordioak Irakasle Eskolako Graduko ikasleei zuzendutako -nagusiki, baina beste zentro batzuetako ikasleei ere irekita egongo da- mintegi espezifiko bat ere aurreikusi du, Sabin Bikandi Londresko Unibertsitateko Etnomusikologiako doktorearen, Bilboko udal danbolin jotzailearen, musikagilearen eta AIKO Taldearen sortzailekidearen eskutik.
"Dantza eta Musika" izenburuko mintegi hau irailaren 30ean hasiko da edukiak azaltzeko tailer baten bidez, eta abendua arte luzatuko da, asteartero, bina orduko saioekin. 25 eskola orduak egiten dituztenek ECTS kreditu bana lortuko dute.
Musika eta dantza tradizionala kultur ondasuntzat sustatzea da EHUren eta Aiko Taldearen arteko akordioan ezarritako helburuetako bat, folklorearekin lotutako ezagutzaren transmisioan lagunduz eta kultur ondare tradizionala mantenduz, grabazio, partitura, instrumentu, jantzi eta abarren bilketa, zainketa eta zabalkuntzaren bitartez. Era berean, ekimen honen bidez, euskal musika eta dantza tradizionala aisialdiko jardueratzat normaldu nahi da.
Bestalde, abenduaren 27an, larunbatez, Dantzaldi Ibiltaria programan aurreikusitako beste berrikuntza bat izango da Bizkaia Aretoan: familia osoari zuzendutako dantza ikastaroa. Sasoiko Eguberri giroari erreparatuta, Aiko Taldeak aukera paregabetzat jo du familiako kide guztiak bi orduko tailer batean elkartu eta musika eta dantza tradizionala etxe giroan transmititzeko ohitura berreskuratzeko asmoz.