DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)
Gipuzkoako Uren Partzuergoak Aixolako urtegiaren hustutze partziala egingo du datozen egunetan, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek era guztietako arrantza debekatuko dute aurki urtegiko uretan, zebra muskuilu ale heldu bat antzeman ondoren.
Horrela, URA Uraren Euskal Agentziak jakinarazi duenez, espeziea urtegian duen hedadura maila aztertzeko asmoz hustuko da urtegia, eta sakoneko gune horiek lehor utziko dira denbora batez, bertan egon daitezkeen aleak lehortaraziz ezabatzen saiatzeko.
Era berean, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek era guztietako arrantza debekatuko dute aurki urtegiko uretan. Neurriaren xedea da Aixolatik beste ur masetara zebra muskuilu larbak hedatzearen arriskua murriztea. Hain zuzen, urtegian arrantza da espeziearen hedatzea ahalbidetu dezakeen faktorerik garrantzitsuena, ez baita bertan aldameneko arroetara ur desbideratzerik edota nabigaziorik ematen.
Horrela, Uraren Euskal Agentziak zebra muskuilu helduak antzemateko laginketak egingo ditu urtegiaren kota jaitsitakoan, eta udan eta udazkenean areagotuko ditu, ale heldu eta larbak antzemateko laginketez gain, uraren analisi genetikoak ere egingo baitira.
Hori guztia erabaki zuten gai honetan eskumenak duten erakundeek joan den apirilaren 5ean egin zuten bileran. Gipuzkoako Uren Partzuergoa, Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka eta Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako sailak, Bizkaiko Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa eta Uraren Euskal Agentzia bildu ziren, eta, ordura arte egindako laginketen datuez, eta balizko eginbeharrekoez eztabaidatu zen.
URAk jakinarazi du Aixolan antzeman den zebra muskuiluaren arrasto bakarra aurreko egunetan aurkitutako ale heldu hori baino ez dela. Gero egindako premiazko laginketek ezezko emaitza eman dute. Garrantzitsua da orain laginketa berriak egitea, egoeraren ebaluazio egokiago bat izateko eta urtegitik haratago espeziearen hedatzea saihesten laguntzeko.
Giza jarduerak dira zebra muskuiluaren hedaduraren erantzule nagusiak. Horregatik, espeziea dagoen ur masen erabiltzaileek aintzat hartu behar dituzte araudiak ezarritako neurriak, larbez kutsatutako urak beste ur masa batzuetara eramatea saihesteko. Azkenik, zebra muskuiluak ez du inolako osasun arriskurik sortzen pertsonak edateko ura ekoizteko erabiliko diren uretan.