21 de Otsaila de 2020
 

Amezketako eta Gaintzako udalen aldeko epaia eman du epaileak, aktak euskara hutsean bidaltzeagatik

Actualizado 2015/9/16 14:23:04 CET

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Amezketako (Gipuzkoa) eta Gaintzako (Gipuzkoa) udalen aldeko epaiak plazaratu ditu, Espainiak EAEn duen Gorbernu Ordezkaritzak egindako errekerimenduen harira. Udal horiek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren dozenaka udalek bezala, euskara hutsean bidaltzen dituzte aktak eta erabakiak Gobernu Ordezkaritzara, eta horren aurka jo zuen azken honek.

   UEMAk jakinarazi duenez, orain plazaratutako epaia "argia" da Amezketako eta Gaintzako udalen alde, EAEko Euskararen Legeak horretarako eskubidea ematen diela nabarmenduz. Gainera, abokatu eta prokuradoreen ordainsarien kostak ere ordaintzera zigortu du Espainiako Gobernu Ordezkaritza. Epaia errekurritzeko aukera du honek hurrengo egunetan.

   Erakundeak gogorarazi duenez, UEMAko kide diren udal gehienak, UEMA bera, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Urola Kostako Udal Elkartea auzibidean jarri zituen aurreko legealdian Carlos Urquijo Espainiak EAEn duen gobernu ordezkariak. Sei multzotan banatu dira auzibidean jarritako udalen aurkako errekerimenduak eta helegiteak: UEMAko kide izatea, hizkuntza irizpideak, euskararen erabilera plana, kontratazio irizpideak, diru laguntzak, eta aktak zein erabakiak euskara hutsean bidaltzea.

   Azken multzo honi dagozkion epaiak dira orain jakinarazi direnak. Izan ere, legez, erabaki guztiak Espainiako Gobernu Ordezkaritzara bidaltzera derrigortuta daude udalak, eta erabaki horiek euskaraz hartzen eta idazten dituztenez udal askok, barne dokumentuak direnez, euskara hutsean bidaltzen dituzte, itzuli gabe.

   "Erabaki horiek EAEn ofizialak diren bi hizkuntzatan bidaltzera derrigortu nahi ditu Gobernu Ordezkaritzak udalak, eta horregatik eraman ditu dozenaka udal epaitegitara. Orain, Amezketa eta Gaintzako udalen aldeko epaiak, bidea zabal diezaieke ataka berean dauden gainerako udalei ere", azaldu du.

LEKEITIO

   Halere, Amezketa eta Gaintzako udalen aldeko epaia ez da aktak euskara hutsean bidaltzeagatik heltzen den lehena, pasa den urtean, Lekeitioko Udalaren aurka jarritako epaia ere heldu baitzen, baina kasu hartan aurkakoa izan zen epaia.

   "Gai honetan aritzen diren abokatuen arabera, Euskararen Legeak duen anbiguotasunari heltzen diote epaileek, irakurketa zurrunagoa edo malguagoa egiteko. Gerta daiteke auzitegi batek kontu bat erabakitzea, eta beste auzitegi batek kontrakoa. Areago joanda, auzitegi berean areto batean edo bestean ezberdinak izatea gai beraren inguruko epaiak. Horren aurrean, udalerri euskaldunek euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatuko duen lege-babesa aldarrikatu du UEMAk azken hilabeteotan, etengabeko oztopoei aurre egin ahal izateko", adierazi du.

   Miren Segurola UEMAko koordinatzailearen hitzetan, "albiste pozgarria da oraingoan epaitegietatik heldu dena. Gustura gaude, euskara hutsean bizitzeko eskubidea dugula argi nabarmentzen duelako, baina ezin dugu auzitegi batean haizeak nondik jotzen duen edo epaile batek zer-nolako eguna izan duen zalantzan ibili, kezkaz. Lege babesa behar dugu, eta ezinbestekoa da EAEko Udal Legea izango denak hori bermatzea eta behin betiko blindatzea euskara hutsean bizi ahal izateko eskubidea".