GASTEIZ 9 Jul. (EUROPA PRESS) -
Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialak asteazken honetan argitaratu du arte eszeniko eta musikaletan trebatzeko ekintzetarako 2025eko laguntzen deialdia. Araako Aldundiak 25.000 euro banatuko diutu laguntzotan, eta eskaerak aurkezteko epea ostegunean ireki eta uztailaren 30ean itxiko da.
Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Kultura Ekintzako Zerbitzuak kudeatuko du deialdia, foru erakundeak jakinarazi duenez.
"Aurten ere, Arabako kultur sektoreko gazteekin dugun konpromisoa berresten dugu. Beka hauen bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo trebatzen lagundu nahi diegu, jakinda ikaskuntza horrek gure ekosistema kulturalera kalitatea eta bizitasuna ekarriko dituela", nabarmendu du Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak.
Laguntzek 20 urte baino gehiagoko ibilbidea dute jada eta ehun onuradun baino gehiago izan dituzte. Araban edo Trebiñuko enklabean erroldatuta dauden 18 eta 30 urte bitarteko pertsona fisikoentzat dira, eta helburua da laguntzea arte eszenikoetan (antzerkia, zirkua, mimoa eta antzeko diziplinak) eta musikaletan espezializatutako banako prestakuntza jasotzen EAEtik kanpoko zentroetan.
Proiektuek 250 orduko iraupena izan beharko dute gutxienez, eta 2025ean egin beharko dira. Aurrekontu osoa hiru espezialitatetan banatzen da: musika eta kantuko prestakuntza (15.000 euro), arte eszenikoetakoa (5.000 euro) eta dantzakoa (5.000 euro).
Laguntzak bi modalitatetan emango dira, eremu geografikoaren arabera: 5.000 euro arte atzerrian ikasketak egiteko, eta 3.000 euro arte Estatu barruko baina EAEtik kanpoko trebakuntzarako.