VITORIA, 30 Dic. (EUROPA PRESS) -
Arabako Foru Aldundiak 2026ra luzatuko du une honetan indarrean dagoen Alavabuseko txartelaren eta eskualdeko garraioaren prezioaren hobarien politika: BAT txartel pertsonalizatua eta %67rainoko hobariak dituen deskontu progresiboko sistema, BAT txartel anonimoa %40ko deskontu linealarekin, eta 15 urtetik beherako bidaiarientzako doako txartela.
Foru Gobernu Kontseiluak onetsi ditu datorren urterako deskontuen eskema horren araudi euskarri diren akordioak, arabarren artean foru garraioaren erabilera sustatzen jarraitzeko helburuarekin. 2,5 milioi pertsona inguruk erabili dituzte Alavabuseko eta eskualdeko garraioko lineak 2025eko urtarriletik azarora bitartean; 2024ko aldi berean baino %11,3 gehiago da hori.
Hobarien politika horrek barne hartzen ditu EAEko erakunde guztiek Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) barruan hartutako konpromisoa eta Espainiako Gobernuak duela astebete onetsitako garraio publikoari laguntzeko neurriak. Helburu partekatua da garraio publikoaren erabilera sustatzea, ibilgailu pribatuaren alternatiba gisa, eta mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egitea.
Akordio horiei esker, 2026an jarraipena eman ahal izango zaio une honetan Alavabusen eta eskualdeko garraioan indarrean dagoen deskontuen politikari: BAT pertsonalizatuak, orain arte bezala, aukera emango du deskontu sistema progresiboaz baliatzeko, eta, zenbat eta bidaia gehiago egin, orduan eta hobari handiagoak aplikatzen dira txartel arruntaren prezioan: % 55eko deskontua, hilean 1 eta 20 bidaia artean eginez gero; %61eko deskontua, hilean 21 eta 50 bidaia artean eginez gero; eta %67ko deskontua, hilean 51 bidaia edo gehiago eginez gero.
BAT anonimoak %40ko deskontu lineala eskainiko du, bidaia kopurua edozein dela ere. Doan bidaiatu ahal izateko, 15 urtetik beherakoek txartela balidatu behar dute Alavabusen edo eskualdeko garraioan, BAT txartel pertsonalizatu batekin. Txartel pertsonalizatua Vitoria-Gasteizko Antso Jakitunaren kaleko 9. zenbakian dagoen tranbiaren informazio bulegoan eskuratu ahal izango dute, eta bi aukera dituzte horretarako: BAT anonimoa doan pertsonalizatzea, halakorik izanez gero; edo BAT anonimoa erostea, hiru euroan, eta gero pertsonalizatzea.
Izapidea erraza da: bulego horretara joan behar da, eta hauek eraman: adingabearen NANa, pasaportea edo AIZ eta argazkia (adingabeak dokumentu horiek ez baditu, haren aita/ama edo legez onartutako tutorearenak izango dira).
Erabiltzaileek Alavabuseko eta eskualdeko garraioko tarifa eta deskontuei buruzko zalantzak argitu ditzakete eta informazioa eska dezakete Foru Garraioaren Erabiltzaileentzako Arreta Integraleko Zerbitzuan (945 18 20 60) eta https://alavabus.eus/eu/ web atarian.