BILBO 25 (EUROPA PRESS)
UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren bosgarren edizioa antolatu du euskararen arnasguneetako 10-16 urteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Bada, 34 udalerritatik iritsitako 230 lanek hartu dute parte eta 4.200dik gora boz jaso dira lehiaketan, hau da, parte hartzea %12 eta bozak %15 igo dira iazko edizioarekin alderatuta.
Arnasa Gara egitasmoak euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko, Jaurlaritzako iturriek gogorarazi dutenez.
Arnasetik lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleei dago zuzenduta, baita arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei ere. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izan da, bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez eta eskatutako erronkari erantzunez.
Adinaren araberako hiru kategoriatan banatu da lehiaketa eta kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. LH 5. eta 6. mailako ikasleek 'Dakienak, ba al daki?' erronkari heldu diote, herriko berezitasun eta esamoldeei buruzko galdera-erantzun lehiaketa baten bidez; DBH 1. eta 2. mailakoek 'Ongi etorria' erronkari erantzun diote, arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria nola egingo lioketen erakutsiz, musika eta mugimendua baliatuta; DBH 3. eta 4. mailakoek, berriz, 'Eusle mode on' landu dute, sare sozialetako hizkuntza erabilerari buruzko gogoeta eginez.
Sari banaketa ekitaldia ostegunean izango da, azaroaren 26an, Lekeitioko (Bizkaia) Ikusgarri zinema aretoan, 17:30ean, eta amaieran luntxa eskainiko da. Kategoria bakoitzean epaimahaiak hautatutako lanik onenak 500 euroko saria izango du, eta balio bereko publikoaren saria ere banatuko da, bozketa bidez hautatua; sariak euskarazko produktu edo ekintzetan erabili ahal izateko opari bonuak dira. Lekeitioko Udalak ere herriko lanik onenei aitortza egingo die 200na euroko bi sarirekin.
ARNASA GARA
Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da Arnasetik bideo lehiaketa. UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da eta arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea du xede. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena, eta ekimenak balioan jarri nahi ditu herriok, eta aintzatespena adierazi urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.
Eguneroko mintza-jardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak dira arnasguneak (auzoa, herria, eskualdea, harana eta abar). Euskara belaunez belaun transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean), eta euskaraz mintzatzeko joera nagusitzen da haietan.
Kasu honetan, Arnasetik lehiaketak arnasguneetako gazteengan jarri nahi du arreta, haien hizkuntza ohituren inguruan hausnarketa eragiteko. Horregatik, lehiaketa arnasguneetan bizi diren ikasleei zuzenduta dago (LH 5-6 eta DBH 1-4ko ikasleak).
Arnasgune asko udalerri txikiak dira, eta maiz, ikasle askok udalerri handiagoetara jo behar izaten dute ikasketekin jarraitzeko. Horregatik, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxek ere parte hartu dute, batez ere eskualde-buruetako ikastetxeek. Arnasguneentzat eskualde-buruak ere garrantzitsuak dira, udalerri hauetan arreta berezia jartzea ezinbestekoa baita euskarak duen bizitasuna bermatzeko.